Diario Vasco

Mendi astea ekitaldiz blai igandea bitartean Zestoan

Orain artean Koldo eta Urtziren bideo emanaldia edo eta atzo egin zen gaztetxoentzako eskalada tailer jendetsua izan baditugu, gaurtik igandea arte beste hainbat ekitaldiz gozatu izango da, Zestoako Mendi Astea dela medio. Esate baterako, gaur, 20:00etan, Andoni Zulaika herritarrak abuztuan Nepalen burutu zuen Mustang trekinaren inguruan hainbat azalpen emango ditu Jubilatuen tabernan eta kasu honetan ere mokadutxoa jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bihar, ostirala, Aizarnako Aranburu landetxean, gaueko 22:00etan hasita, Aizarna, Zestoa eta Zumaiako hainbat lagunek Nepaleko Pumori mendiaren kanpalekura egin zuten trekiñaz eta bidaiaz arituko dira.

Aizarnako Lehenengo ibilaldi neurtua aipatu behar, Beñat- Benantxio izena daramana. Irteera Aizarnako plazatik egingo da, goizeko7,30etatik 8:00etara eta honako ibilbidea prestatu dute: Aizarna - Benita benta - Gazume - Iturriotz - Altzola - San Pelaio - Aizarna (25km). Parte hartzen dutenei opari bat emango zaie, jateko eta edatekoa egongo da ibilbidean zehar eta ordua kontrolatzeko guneak ere bai. Bukaeran bazkaria egongo da Aizarnan bertan, eta mendi probarako izena ematerakoan bazkarirako ere eman ahal izango da. Bestalde, gatetxoentzako antolatuta zegoen Zestoa-Aizarna mendi irteera bertan behera gelditu da.

Egitasmoaren aurkezpena

'Euskadi Lagunkoia Sustraietatik' Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak bultzatutako ekimen bat da, Matia Institutu Gerontologikoak martxan jarria. Honen helburua Euskadiko herrien auzoak eta inguruneak hobetzeko asmoz, adineko pertsonen eta orokorrean herritarren parte-hartzea sustatzea da, zahartzen goazen heinean gure bizitza aurrera eramateko gai izan gaitezen. Zestoa ere Euskadi Lagunkoia ekimenera atxikitu da. Datorren asteastean, Zestoa Lagunkoia ekimena aurkeztuko da udaletxean arratsaldeko 18etan. Bertan parte hartuko dute Josetxo Mendizabal herriko alkateak, Montse Atxega Ongizateko zinegotziak eta Ainara Tomasena Matia Institutuko teknikariak.

Behobia-Donostia

Datorren igandean izango den Behobia-Donostia lasterketara joateko autobusa izango da. Autobusean joan nahi dutenek izena Zestoako kiroldegian eman dezakete, gaur azken eguna. Autobusa goizeko 7:30ean aterako da Gurutzeagatik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate