Diario Vasco

Hurbilagoren argazki lehiaketan parte hartzeko aukera hilaren 15a bitartean

Herriko edozein txokotako argazkiaren parte hartu daiteke.
Herriko edozein txokotako argazkiaren parte hartu daiteke.

Hurbilago elkarteak antolatutako argazki lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago. 'Usurbilgo txokoak' izenburupean antolatu dute lehiaketa eta izenak berak dioen bezala, herriko txoko eder eta berezien argazkiak eskatzen dituzte lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko.

Argazkilari amateur zein profesionalek parte hartu dezakete lehiaketa honetan eta bi maila desberdinetan banatu dute: 4 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta bata eta 17 urtetik gorako helduei zuzendua bestea.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Noski, Usurbilen egindako argazkia izan beharko du eta argazkian agertzen den tokiaren helbidea agertzea eta bere deskribapena eskatzen dituzte. Hori bai, argazkiak aldez aurretik argitaratu gabea izan behar du eta aurtengo urriaren 1etik azaroaren 15a bitartean egindakoa.

Argazkiko edukien erantzule bakarra argazkia aurkeztu duenarena izango da soilik, Hurbilago elkarteak lehiaketaren oinarrietan jasotzen duenez. «Identifika daitezkeen pertsonak agertzen diren argazkien kasuan, lehiakideek pertsona horien baimena izan beharko dute. Pertsona horiek bere irudiaren erabilera baimendu badute, Hurbilagok baimen hori eskatzeko eskubidea izango du».

Horrez gain, antolatzaileek lehiaketara aurkeztutako argazkiak lehiatik kanpo uzteko eskubidea izango dute kasu hauetan: argazkiek parte hartzeko oinarrietako punturen bat betetzen ez dutenean, argazkiak lehiaketaren gaiarekin bat ez datozenean, antolatzaileen iritziz argazkiak, bere edukia dela eta, gustu txarrekoak edo mingarriak gerta daitezkeenean. Edozein pertsona edo erakunderekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak ere baztertu egingo dira. Azkenik, argazkiek gutxieneko baldintza teknikoak betetzen ez dituztenean ere lehiaketatik kanpo geldituko dira.

'Usurbilgo txokoak' lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren argazkiak Ivan Perez argazkilariak Bordaberri 3, 2. lokalean duen establezimenduan.

Sariei dagokionez, haur eta gaztetxoen lehiaketan Fujifilm XP90 argazki kamera izango da saria eta helduenean, Canon 760D + 18-55 mm EF-S IS STM kamera. Lehiakideek eginiko argazkiak herriko saltokietan ikusgai jarriko dituztela ere iragarri dute antolatzaileek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate