Diario Vasco

Egitarau zabala Urdaneta auzoko San Martin jaietan

Herri kirol jaialdia. Bihar eguerdian Urdanetako frontoian.
Herri kirol jaialdia. Bihar eguerdian Urdanetako frontoian.

Aiako Urdaneta auzoak San Martin jaiak ospatzen ditu, asteburu honetan hasi eta azaroaren 13a bitartean luzatuko dutelarik jai egitaraua.

Asteburu honetan Urdanetara hurbiltzen direnek nahiko ekitaldi aurkituko dituzte. Honela, gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Gorritiren ikuskizuna bere animaliekin; ondoren, txokolatada banatuko da. Gaueko 21:00etan, bertso-afaria Indamendi elkartean Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin, eta Izer eta Alabier trikitilariekin. Bertso saioaren ondoren, kalejira frontoira. Gauerdian Ximor taberna zabalduko dute eta 02:00etatik aurrera, DJ Olaberriren musika saioa.

Jubilatuen Eguna

Egitarauak bihar jarraituko du, Jubilatuen Egunarekin. Eguerdiko 11:30ean meza nagusia izango da; ondoren, palaz banakako pilota partiden finala; 13:00etan hasita, herri kirol saioa, Izetaren Eskolako harri-jasotzaileekin. Giroa jartzen Sebastian Lizaso eta Peñagarikano bertsolariak, eta Narbaiza eta Laja II trikitilariak.

Ondoren, auzoko adinekoen bazkaria Indamendi elkartean. Arratsaldean berriz, 18:30ean kalejira tabernaz taberna bertsolariekin eta trikitilariekin eta gaueko 22:30etik aurrera, auzoko Ximor tabernan Laja II-na eta Narbaiza trikitilariak.

Egitarauak, azaroak 11, datorren ostirala, San Martin egunarekin izango du jarraipena, 11:00etako meza nagusiarekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate