Diario Vasco

Noaua! Kultur Elkartearen Kulturaldia hastear da

Dantza tradizionala. Herriko dantzariek herrialde desberdinetako dantzak eskainiko dituzte bihar.
Dantza tradizionala. Herriko dantzariek herrialde desberdinetako dantzak eskainiko dituzte bihar.
  • Elkarteak 20 urte bete ditu. Urtemuga ospatzeko ekimen ugari izango dira bihartik azaroaren 13a bitartean

Noaua! Kultur Elkarteak bere kulturaldia antolatu du azaroa iristearekin batera. Aurtengoa, ordea, berezia izango da. Maiatzean 20 urte bete ostean, urtemuga berezi hori ospatu nahi izan dute eta beste kultur ekitaldiez gain, Noaua!ren erakusketa bat ere izango da ikusgai.

Bihar, azaroaren 4an, izango da Noaua! Kultur Elkarteak 20 urte erakusketaren irekiera arratsaldeko 18:30ean Sutegiko aretoan. Bideo emanaldia, panelak, etab. izango dira bertan, 20 urte hauetako bizipenak, istorioak eta Usurbilek 20 urte hauetan izan duen bilakaera ere jasotzen direlarik. Horrez gain, bazkidetza tramitatzeko aukera ere izango da bertan. Azaroaren 13a bitartean ikusgai izango da erakusketa hau.

Orbeldi dantza taldea

Ostiralean, bertan, beste ekimen bat ere izango da Noaua!ren kulturaldiaren barruan. Herriko Orbeldi dantza taldeka dantza tradizionalen emanaldia egingo du Sutegiko auditorioan 19:30ean hasita. Maia-tzean Zuberoako Urdiñarben ospatu zen Musikaren Egunean eskainitako emanaldia herritarren aurrean plazaratu nahi izan dute. Sarrera 3 eurokoa izango da eta salgai daude Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan. Noaua!ko bazkideek euro batean erosi ahal izango dute aldez aurretik Noaua!ren egoitzan.

Etzi, berriz, Garazi Kamio eta Susana Cencilloren errezitaldia izango da Sutegiko auditorioan 20:00etan hasita. Emakumeen Egunaren karietara, 2016ko apirilean estreinatu zen 'Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar'. Alkizako Amañili elkartearen eskariz sortu zen emankizuna da eta, funtsean, musikaren historian zehar ibilbide xume bat egitea du helburu.

Azaroaren 10ean, ostegunean, Xabi Solanorekin hitzaldi-solasaldia izango da Sutegiko auditorioan arratsaldeko 19:30etik aurrera. Bere musika ibilbidea azaltzeaz gain, bertaratzen direnen galderak erantzungo ditu. Bere musikaz gozatzeko aukera ere izango da ekimen honetan.

Ostiralerako, azaroaren 11rako, ekitaldi bikoitza iragarrita dago. Hasteko kantu-jira izango da Mikel Laboa plazatik abiatuta 19:00etan eta ondoren kantu-bertso afaria Uxue Alberdi eta Jexux Mari Irazurekin Artzabal jatetxean. Txartelak 20 eurotan salgai daude Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan. Hurrengo egunean, azaroaren 12an Lakikrun antzerki taldeak 'Non gaude' antzezlana eskainiko du Sutegiko auditorioan 20:00etan hasita. Sarrerak 7 eurotan egongo dira salgai aurrez aipatutako lekuetan eta 5 eurotan Noaua!ko bazkideen-tzat elkarteko egoitzan.

Ruper Ordorika

Azkenik, eta aurtengo Kulturaldiari amaiera emateko, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da Sutegiko auditorioan azaroaren 13an arratsaldeko 19:00etan. Mugalarien laguntzaz iritsiko da eta 'Guria ostatuan' bere lan berriko abestiak ere eskainiko ditu bertan. Sarrerak 10 eurotan egongo dira salgai aurrez aipatutako lekuetan, 8 euro Noaua!ko bazkideentzat.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate