Diario Vasco
Igoera. Zabor bilketak %30ekoa izango du 2017an.
Igoera. Zabor bilketak %30ekoa izango du 2017an. / AMAXKAR

Zabor bilketaren tasak %30eko igoera izango du 2017an Getarian

  • Ez ohiko batzar osoan Ordenantza Fiskalak onartu ziren eta hau izango da aldaketa nagusia aurtengoarekiko

Joan den asteko ez ohiko batzar nagusian, 2017ko Ordenantza Fiskalak onartu ziren, EH Bilduren aldeko botoak jaso ondoren eta EAJ/PNVren aurkakoekin.

Iker Azkue ogasun zinegotziak jakitera eman zuenez, «2016ko urtearekin alderatuz, bi aldaketa besterik ez ditugu planteatzen. Bata katastroarekin lotutakoa da eta onartuta dago ohiko plenoan eta bestea zabor bilketari lotutakoa izango da».

Amaitu gabe dagoen urte honetan, zabor bilketaren kostua %20a igo da, denera 330.000 euro izango dira eta aurreikusita zegoenarekin alderatuz, 70.000 euroko zorra sortzen du. Honen arrazoia, «bi urtetan argitu gabe egon den egoera bati lotua dago, Urtetako zabortegia itxi ondoren zaborra beste toki batera eramatearen kostua nork ordainduko zuen, GHK ala Udalak izango ziren. Bestalde Mankomunitatetik proposatutako igoerak Udalekoak onartu ondoren heldu ziren eta honek denak ekarri du sortu den zorra».

Aurrera begiratuz Ikerrek azaldu zuenez, «jaso dugun informazioaren arabera eta aurtengo kostua ikusi ondoren, 400.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten dugu. Honek suposatzen du dauden diru sarrerekin ezin izango dela bete».

%30eko igoera

Gauzak horrela, «2017ra begira %30eko igoera bat proposatzen dugu zabor bilketaren tasan. Honekin ez da erabat beharra aseko eta 58.000 euroko galera geratuko da» aurreratu zuen zinegotziak. Kezka ere azaldu zuen, «tasa hau etengabe igotzen doa eta zain gaude hilabete amaieran Mankomunitateak aurkeztuko duen plangintza nolakoa den jakiteko. Helburu nagusia 2020rako eskualdean birziklatze tasa %75era heltzea izango litzateke eta guk plan horri gure babesa emango genioke».

Jeltzaleak aurka

udalbatzarrean bozkatzerakoan proposamenaren babesa EH Bilduko zinegotziak eman zioten eta EAJ/PNVkoak berriz, ezekoa eman zioten. Aitor Urrestiren esanetan, «%30eko igoera zabor bilketaren tasan ezin dugu onargarri bezala ikusi, horregatik ezezkoa ematen diogu. Gure uztetan, igoera hau aurreko urteetako ondorio bat besterik ez da. Aurreko legealdian udal gobernua progresibitatearen banderarekin joan zen eta ez zituen zergak igo nahiz eta koste mailak igotzen joan pixkanaka. Azkenean urteak pasa eta zuloa handia egin denean %30eko igoerarekin zatozte. Eta gainera, igoera hori ezarri arren defizita izango dugula diozue, 58.000 euro, %15eko defizita, hau da Getariako festetako bost eguneko presupuestoa». «Birziklatze programa bat duzuenik ere ez diguzue erakutsi. Hobariak ematen dituzue bosgarren edukiontziaren giltza dutenei edo auzo konposta egiten dutenei baino ez dakigu hauek gero birziklatzen duten ala ez, erabiltzen dituzten giltza horiek ala ez. Hobariak eman bai baino plan bat egin behar da hau guztia zehazteko eta nolako hobariak eman erabaki» erantsi zuen Urrestik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate