Diario Vasco

Senior mailako nesken taldeak garaipena lortu zuen

Jubenilak. Lehen postuan eskuratu ezinik dabil Euskal Ligako taldea.
Jubenilak. Lehen postuan eskuratu ezinik dabil Euskal Ligako taldea.
  • Usurbildarrek Zilarrezko mailan lehen postuan jarraitzen dute beste bi talderekin berdinduta

Usurbil Kirol Elkarteko eskubaloi taldeek emaitza desberdinak lortu dituzte pasa den asteburuan. Bi partida irabazi eta lau galdu izan da senior, jubenil eta kadete mailako taldeen balantzea.

Espainiako Zilarrezko mailan ari den senior mailako emakumezkoen eskubaloi taldeak beste garaipen bat lortu zuen larunbatean Oiardo kiroldegian. BM Muskiz taldea izan zuten aurrez aurre eta usurbildarrek 45-22 irabazi zuten.

Emaitzak bestelakorik badio ere, partida hasiera parekatua izan zen. 10-10 berdinduta ziren lehen zatiaren erdira iritsi zirenean, baina azken 10 minutuetan herriko jokalariek aurrea hartzea lortu zuten markagailuan. Azkenean, 20-15 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiak, berriz, ez zuen kolorerik izan. Usurbildarren defentsa onari esker 7 gol besterik ez zituen egin kanpoko taldeak eta Usurbil Kirol Elkarteak, berriz, 25. Azkenean 45-22 amaitu zen neurketa. Irati Holgado (10), Ane Herrero (8) eta Leire Furundarena (7) izan ziren herriko taldeko golegile nagusiak.

Garaipen honekin sailkapenaren buruan jarraitzen du herriko taldeak Aiala Zarautz eta Logroño Sporting La Rioja taldeekin berdinduta.

1. Nazional mailan jokatzen ari den senior mutilen taldeak, berriz, 40-20 galdu zuen Trapagaranen bertako taldearen aurka. Partida hasiera kaxkarra egin zuten usurbildarrek eta atsedenaldira 22-8 iritsi ziren. Bigarren zatian ere ildo beretik joan zen neurketa.

Emaitza honen ostean, sailkapeneko azken bosgarren postuan kokatuta daude 4 punturekin, jaitsiera 2 puntura dutelarik.

Euskal liga jokatzen ari diren kadete eta jubenil mailako emakumezkoen taldeek emaitza desberdinak lortu zituzten Elgoibarren. Jubenilek 22 eta 28 irabazi zuten lidertzan zen taldearen aurka eta orain sailkapenaren buruan dira elgoibartarrekin berdinduta. Kadeteek, aldiz, 25 eta 12 galdu zuten eta azken hirugarren postuan kokatuta daude.

Kadete eta jubenil mutilek Elgoibarren aurka Oiardon jokatutako neurketak galdu zituzten Euskal ligan. Larunbatean ligako lehenengo neurketa galdu zuten kadeteek, 34-35. Hala ere, sailkapenaren buruan jarraitzen dute Zarautzekin berdinduta. Jubenilek, berriz, igandean jokatu zuten eta 25-30 galdu zuten. Honenbestez, punturik lortu ezinean jarraitzen du herriko taldeak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate