Diario Vasco

Udala hileta zibilak eta belatokia egiteko tokia aztertzen ari da

Eskualtxeta. Udalak zerbitzu hauek hemen kokatzea ez dagoela erabakita adierazi du.
Eskualtxeta. Udalak zerbitzu hauek hemen kokatzea ez dagoela erabakita adierazi du. / AMAXKAR
  • Aurrelanketa besterik ez da egin eta garbi utzi dute Eskualtxetan kokatzea erabakita ez dagoela

Azken egunetan herrian sortu den eztabaidaren aurrean, Udalak azalpen batzuk eman nahi izan ditu. Hileta zibilak eta beilatokiaren inguruan gauza asko entzun dira eta argitzeko asmoarekin egindakoaren berri eman du.

Lehendabizi gogoratu dute «leku berean elkartu litezkeen zerbitzu hauen eskaria behin baino gehiagotan jaso izan dugu herritarren aldetik. Adibidez, 'Guztiok bat' aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan atera izan da gaia, Eskualdeko Udal elkartean ere izan dira zenbait herritar zerbitzu hauen eskaera eginaz, eta modu pertsonalean ere Udal ordezkarioi zenbait herritarrek helarazi digute zerbitzu hauen premia».

«Hutsune honen jabe izanik, Udaletik, eskaera hauek aztertzeko modukoak iruditu zitzaizkigun lehen momentutik. Egia da Getarian zerbitzu mota ezberdin asko ematen diren arren beilatoki eta hileta zibilak egiteko aukerarik ez dagoela. Ondoko herrietako tanatorioetara mugitzeko ohitura dugu eta urteen poderioz ohitu egin gara zerbitzu hauek beste herri batzuetan erabiltzera», azpimarratu dute eta, zerbitzu bat baloratzerako orduan, pertsonen ongizaterako oinarrizkoa den edo ez ikustea garrantzitsua dela. Ez da komeni erabiltzaile kopuruaren ikuspegitik edo egin beharreko inbertsioaren aldetik bakarrik aztertzea. Adibide ugari jar daitezke: eguneko zentroa, haurtzaindegia, kiroldegia, liburutegia eta beste hainbat.

Kontzeptuak ez nahastea garran-tzitsua da. Tanatorioan zerbitzu osoa eskaintzen da, tramiteak egin, garraioaz arduratu, krematorioa, kaxak aukeratu, loreak, senide eta lagunak elkartzeko lekua eta gorpua egoten den lekua daude. Beilatoki bezala ulertzen dena ordea bakarrik gorpua egoten den lekua eta senide eta lagunentzako eremua izango lituzke. Getarian, hileta zibilak egiteko aukera bertan izatea plantea-tzen da.

Bideragarritasuna aztertu

Testuinguru honetan beilatokiak izan lezakeen bideragarritasuna aztertzeari ekin zaio. Udalerriak duen aurrekontua mugatua da eta ezinbestekoa da eskuartean ditugun proiektuak zenbateraino egingarriak diren aztertzea, batez ere ikuspegi tekniko eta ekonomiko batetik.

«Horrela, proiektua idatzi eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu genuen. Proiektuaren kostua 90.000 eurokoa zen eta Eskualtxeta eraikineko haurtzaindegi zaharreko eremuan kokatzea proposatzen genuen. Lokala 'libre' egotea, egin beharreko lanek kostu txikia izatea eta baldin-tza minimoak ziren arrazoi nagusiak leku hori proposatzeko. Hala ere, Eskualtxetan kokatzeak ez du leku definitiboa hori izango denik esan nahi», argitzen dute.

«Proiektua aurkeztearen helburu nagusia dirulaguntzarik jasoko lukeen edo ez jakitea izan da, benetan bideragarria izango den ala ez jakitea alegia. Urriaren 14an jakin genuen Eusko Jaurlaritzak beilatokiaren proiektuaren %80 finantza-tzeko prest legokeela, beraz, herriari %20 a ordaintzea tokatuko litzaioke. 20.000 euro baino gutxiago».

Hau da Udalak orain arte egindakoa eta bere ustetan, «proiektu ezberdinak egingarriak diren edo ez ikusi eta hauetarako dirulaguntzarik egon litekeen edo ez aztertzea da gure lana neurri batean behintzat. Are eta gehiago herritarrengandik jasotako eskariak direnean hauek. Barruko edo 'sukaldeko' lan hauek egiteko Udalak autonomia maila hori izatea ezinbestekoa dela deritzogu».

Udalak bestalde gezurtatu nahi du nahi du, «Eskualtxetan kokatzea erabakita dagoenik eta Eskualtxetaren egungo jarduerak bertan bera geratuko direnik. Eskualtxetak orain arte bezala funtzionatzen jarraituko du»

Aurrera begira

Aurrera begira jarrita, Udalak zera adierazi du, «jakitun gara mota honetako proiektuak sensibleak direla eta kezka sortzen dutela herritarren artean. Horregatik, ez da ona gertakariak aurreratzea edo espekulazioetan sartzea, batez ere oinarri gutxiko baieztapenek herritarren artean nahasmena sortzen dutelako».

«Orain artean egin dena aurrelanketa baino ez da izan. Hemendik aurrera fase berri bat irekitzen da. Orain herritarren iritzia jasotzea tokatzen da, datozen urtetan Getarian mota honetako zerbitzurik nahi dugun edo ez erabakitzeko garaia da. Beharrik ez bada ikusten proiektua ez dago zertan aurrera eraman beharrik, eta aldiz beilatokia egin behar bada kokaleku egokiena zein izango den zehaztu beharko da», diote.

«Esan bezala datozen hilabeteak horretarako izango dira. Horretarako aukera jarriko du Udalak urtero egiten dugun 'Guztiok 1' aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan eta orain arteko bitarteko ohikoak erabiliaz». Arloz arloko bileretan, etxeetara banatzen diren fitxetan, helbide elektroniko bidez edo herriko elkarteen bileren bidez hau guztiaz iritzia emateko aukera izango dute getariar guztiek. Prozesu honen amaieran publiko egingo lirateke emaitzak. ».

Udalak amaitzeko herritarrak euren iritzia ematera animatzen ditu, aukera laster zabalduko bai da, «horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu beren iritzia ematera gai honi buruz edo herrian ikusten dituzten bestelako beharren inguruan ere. Horretarako aukera paregabea izango dugu udazken honetan bertan 'Guztiok 1' prozesuan. Animatu!».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate