Diario Vasco

XXI. Artisautza azoka asteartean izango da

Goizean zehar artisautza produktu desberdinak izango dira.
Goizean zehar artisautza produktu desberdinak izango dira.
  • Aitzaga elkarteak antolatutako ekimenean produktu ugari izango dira hainbat postutan

Santu Guztien Egunarekin batera dator aurten ere Aitzaga Kultur Elkarteak antolatutako Artisautza Azoka. Etzi, asteartean, azoka honen 21. edizioa izango da herriko pilotalekuan goiz osoan zehar. Ohiturari jarraituz, Santu Guztien Eguna aukeratu dute horretarako eta goizean hasi eta eguerdia bitartean eskuz landutako produktu sorta ederra ikusi eta erosteko aukera izango da. Herriko pilotalekuan jai giroa izango da nagusi, beraz.

Artisautza lan desberdinak ikusi eta erosteko aukera izango da artisautza azokan. Urtero bezala Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritako artisauak izango dira protagonista nagusiak mota desberdinetako produktuak izango direlarik herriko pilotalekuan. Ukenduak, bastoigintza, xestogintza, larrua, egurrezko kateak, harriak, argizariak, zeramika eta pintura, beira, bitxigintza, nekazaritzako lan tresnak, pategintza, esnekiak... denetarik egongo da ikusgai eguerdia bitartean. Guztira 30 postu jarriko dituzte bertan. Gipuzkoako herri desberdinetatik etorritako artisauak izango dira gehienak, baina Euskal Herriko beste hainbat artisauren produktuen postuak ere egongo dira goizeko azokan. Horrez gain, baserri giroko azoka ere ikusgai izango da pilotalekuan.

Aitzaga elkartearen esanetan berriz ere ixteko mehatxupean egon arren, oraindik azoka bizirik dago. «Nahiz eta lehen ere sei urtez elkartea itxi ziguten, orain ere berdina egingo diguten mehatxupean egon, azokak aurrera darrai, eta erronkari eutsiz, urtero bezala hor izango dugu denon ikusgarri. Erasoak ez du etenik eta Hego Euskal Herriko beste ehun elkarte baino gehiagorekin batera, Aitzaga Madrildik, ixteko erabakiaren zain dago».

Egoera erosoa ez izan arren, azokarekin jarraitzea erabaki zuten eta aurten ere produktu ugari ikusteko aukera izango da bertan. «Beraz, egun horretan erasoari aurre egin eta eguerdiko 11:00etatik aurrera herriko plazan izango garenez, ikusi eta erosketak eginez gozatu ezazue». Aurtengo edizioan izango da beste nobedade bat, gaztetxoen erraldoi eta buruhandi kalejira batek girotuko baitu. 12:00etan abiatuko da udaletxe aurretik eta Kale Nagusia, Zubiurrenea kalea, Artzabal parkea, Puntapax kalea, Kontseju zarra kalea eta herriko frontoia pasa ostean berriz ere udaletxe aurreko plazara itzuliko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate