Diario Vasco

Alkatearen zenbait faktura direla eta bere kezka azaldu du Zestoako EH Bilduk

Azken plenoan, herriko zergak aztertu eta onartzeaz gain, egungo alkatearen -Josetxo Mendizabal- zenbait fakturen inguruko azalpen eskaerak sortu zituen momenturik gogorrenak, hauen artean «alkateak eta honen lagun batek Zestoako batzokian Amabirjin jaietan egin omen zuten bazkari pertsonal baten fakturak, 360 eurotik gorakoa, honek udalari kargatu ziona inori azalpenik eman gabe».

«Guk gehien bat salatu nahi duguna -diote EH Bildutik- alkateak faktura hauen inguruan inongo azalpenik ez eman izana da, behin eta berriz azalpenak eskatu arren, alkatearen ustez hau bere errepresentazio gastuetan sartzen delako: alkate honek jakin behar du errepresentazio gastuak egin ditzakeela, beti ere bere udal lanaren testuinguruan, baina guztiz behartua dagoela lege aldetik gastu hauen inguruko xehetasun eta azalpen guztiak ematera bai oposizioari eta baita ere udaleko dirua kudeatzen dutenei, eta beste behin ez duela inongo azalpenik eman»

Honen inguruan, Zestako EH Bilduk idatzi bat kaleratu du: «Ogasun Batzordeetan behin baino gehiagotan salatu izan dugu Udalak ordaindu beharreko zenbait fakturen bidegabekeria. Duela hiru aste burutu zen batzordean, EH Bilduko ordezkariak argitu gabe zeuden zenbait fakturen inguruko azalpenak eskatu zituen eta azkenaldian sarriegi gertatu ohi den bezala, alkateak beste behin 'piper' egin zigunez, alkateordeak faktura horien inguruan ez zekiela ezer eta 'Josetxoren kontuak' zirela esanaz azalpenik entzun gabe gelditu ginen».

Azalpen ezen ostean batzarrera eraman zuten gaia: «Gauzak horrela, pasa den astean burutu zen plenoan azalpenak eskatu genituen. Gure eta bertaratu ziren herritarren harridurarako, ordezkari publiko baten ahotik inoiz entzun beharko ez liratekeen 'arrazoiak' entzun behar izan genituen. Erakunde edo balizko enpresa pribatuetako adibideak jarriaz, alkateak ez daukala zertan faktura horien inguruko azalpenik eman eta beste behin bere 'lanari' dagozkion gastuak zirela esanda amaitu ziren azalpenak»

Alkatearen azalpen hauen aurrean alkateordea, Gorka Unanue, desmarkatu egin zela diote idatzian: «Jarraian, EAJko alkateorde eta Zestoako EAJko Uri Buru Batzarreko presidente denak, hitza hartu eta alkateak antzeko fakturak udalari pasatzea ez dela onargarria aitortu eta alkatearen jarrerarekiko bere desmarkea adierazi zuen. Alkateordearen jarrerak garbi adierazten du alkateak Udalari pasatako hainbat gastu ez direla parte onekoak eta gure ustez ere, egin behar zuena egin zuen. Dena dela, alkatea ere EAJkoa dela kontutan hartuta eta lehendik ere bere gainean dituen aurrekari larriak ahaztu gabe, EAJk ere erantzukizun politiko zuzena du eta alderdiari dagokio neurriak hartzea» diote eh Bildutik.

«Jakin badakigu -dio idatziak segidan- Udal Gobernua erdi hautsita dagoela, egoera benetan larria da eta Zestoako herriarentzat galdutako lau urte izateko bidean goaz, hainbat proiektu eta zeregin garrantzi-tsu erabat geldirik daude: dela bidegorria, dela Osinbeltzen garbiketa, herriko landa-lurren kudeaketa, memoria historikoa, herriko eragileak koordinatzeko mahaien sorrera... Kanpoko aholkularitza erakundeekin (Iraurgi berritzen, Siadeco, Arazi) burututako hitzarmenen ondorioz, urtean 100.000 euro inguru ari da ordaintzen Zestoako Udala eta beldur gara, gaitasun politikorik ezean, diru horrek gure herrirako ez duela inolako bueltarik izango. Ez da gure nahia lokatzetan etengabe ibiltzea, bere garaian elkarlanerako eskaintza zehatz bat egin genion EAJri eta batzorde ardurak hartzeko prest geunden. Azken unean ordea, eta dirudienez EAJ barruan izandako komunikazio okerren erruz edo, ezezko borobilarekin aurkitu ginen. Ondorioz, zoritxarrez udal batzorde eta bilkuretan parte hartzera mugatzen da gure jarduera, eta zoritxarrez diogu ere, gobernuarentzat gure proposamenek ahuntzaren gauerdiko eztula baino ere oihartzun txikiagoa dutelako» diote azkenik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate