Diario Vasco

Usurbildarrek eta zubietarrek ezezkoa eman diote erraustegiari

Aginagan, Santuenean, Zubietan eta kaxkoak egon dira bozka lekuak.
Aginagan, Santuenean, Zubietan eta kaxkoak egon dira bozka lekuak. / ERRAUSTEGIA ERABAKIA
  • Hiru egunetan burutu den herri galdeketan parte hartzea %43,6koa izan da eta %97,9ak ezezko botoa eman du

Erraustegia Erabakia herri plataformak antolatutako herri galdeketa burutu da ostiraletik igandera Usurbilen. 'Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?', horixe zen galdera eta erantzun posibleak bi: bai eta ez. Emaitza, berriz, nabarmena izan da. Galdeketan parte hartu dutenen artean, %97,9ak ezezkoa erantzun du eta baiezkoa %1,7ak.

Usurbildarrak eta zubietarrak kontuan hartuta, 16 urtetik gorako 5.312 pertsonek zuten botoa emateko aukera eta galdeketan 2.317 bozka izan ziren, parte hartzea %43,6koa izanaz. Horietatik 2.268 bozka ezezkoaren aldekoak izan dira, %97,9a, eta 37 lagunek eman dute baiezkoa, %1,7. 8 boto zuriak izan dira eta 2 baliogabeak.

Erraustegia Erabakia herri plataformako kideen esanetan herriak hitz egin du eta ezezko borobila eman dio erraustegiari. «Herritarrek erraustegiari eman dioten ezetza borobila zuzenean azaltzeko bilerak eskatuko ditugu gaur bertan hainbat erakundeekin», zioten atzo.

Erraustegia Erabakia plataformak «oso era positiboan» baloratu du asteburu honetan Usurbil eta Zubietan egin den galdeketa. Lehenik eta behin, «% 43,6ko partaidetza lor-tzea datu arrakastatsua» dela deri-tzote. «Herritar talde batek antolatutako galdeketa izan dela kontuan hartuta -hau da, erakundeetatik at- aurreikusi genezakeen partaidetza eta antzeko ekimenetan ohikoa dena gainditu egin da».

Parte hartzearen gaian inguruan eta aurrekoa datu orokorra izanda, aipamen berezia merezi duela uste dute «Zubietako eremuan lortutako markak, bertako erroldaren %64,7koa izatera heldu baita».

Herritarren hitza jakitea zuen helburu erraustegiaren inguruko galdeketak. «Herriak hitz egin du eta era garbian gainera. Bozka eman duten usurbildar eta zubietarren %97,9ak ezezko borobila eman dio erraustegiari; baiezkoa, berriz, %1,7 izan da. Irakurketa bakarra izan dezake datu honek: Erraustegiari herritarrek ezezko borobila eman dio. Inork ezin uka dezakeen emaitza da eta, hemendik aurrera, agintariek aintzat hartu beharko luketena».

Ondorioz, asteburu honetan Usurbil eta Zubietan egin den herri galdeketaren emaitzak erakundeei zuzenean azaltzeko hainbat hitzordu eskatuko ditu Erraustegia Erabakia plataformak. «Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Batzar Nagusietako talde guztiekin eskatuko ditugu hitzorduak, kezka eta eztabaida maila handia sortu duen erraustegiaren proiektuaren inguruan, Zubieta eta Usurbilgo biztanleen iritzia zein den zuzenean azaltzeko asmoarekin».

«Pozik» daude egindako lanarekin eta «erabat eskertuta lan hau aurrera ateratzea ahalbidetu duten herritar guztiekin. Lagun asko izan ditugu azken hilabete hauetako ibilbidean eta galdeketa gauzatzea eta modu onean eramatea posible egin duten guztiei ere gure esker berezia adierazi nahi dugu; Berme Batzordearen jardunean eta mahaietan bolondres bezala aritu diren pertsona guztiei, bereziki».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate