Diario Vasco

Uren banaketaren azken faseko lanak abian jarri dira dagoeneko

Lanak abian. Errepide nazionalean, Zumaia bidean, hodiak sartzeko lanak egiten hasi dira.
Lanak abian. Errepide nazionalean, Zumaia bidean, hodiak sartzeko lanak egiten hasi dira. / AMAXKAR
  • Lau hilabeteko iraupena izateko aurreikuspena dago eta bitartean trafiko aldaketak izango dira errepide nagusian

Udalak jakitera eman duenez, Getariako euri uren eta ur zikinen erabateko banaketarako joan den urtean hasitako lanei jarraipena eta amaiera emango zaie abian jarri berri den bigarren fasearekin.

Aurretik, 2014aren amaieran Sahatsaga, Lormendi eta Herrerieta kaleetako eta Alde Zaharraren arteko ur sarearen berrikuntza lanak burutu ziren. Lehen fase honetan alde berria eta zaharraren arteko hodien berritzea egin zen, ur zikin eta euri uren banaketarekin batera. Hau amaitutakoan, 2015ean euri jasa handiekin gertatzen zen tapoi efektua desagertzeko eta urak Artzape eta kale Nagusian gainezka egitea eragozteko beste lan batzuk burutu zuren, nagusiki Elkano eta Nagusia kaleen artean burutu zirenak (hauekin batera herriko plazan aldaketa nabarmenak egin ziren).

Orain martxan jarri den azken fasean, Elkano kaleko sarrera paretik eta portutik Zumairako irteera bitartean egingo dira berrikuntzak. Dagoeneko lanak hasi dira ondoko argazkietan ikusten den bezala eta lau hilabete inguru irautea espero da.

Trafiko aldaketak

Dagoeneko trafiko aldaketak nabarmenak dira. Elkano kale hasieratik zuloa egin beharra dago hodiak sartzeko eta honek eragin garbia izango du hurrengo asteetan errepide nagusian. N-634 errepideak herria zeharkatzen du eta bi norabideengan eragina izango du. Sortuko diren trafiko arazoei irtenbidea emateko semaforoak jarriko dira, txandakako pasoa emateko. Aldi berean, Getariako Portutik barrena ahalbidetuko da trafikoa. Hasiera batean garraio publikoak ez du aldaketarik izango bere zerbitzuan.

Lan guzti hauek oso garrantzitsuak dira, lurpean egon arren, azpiegitura funtsezkoak dira eta kostua handia izaten da nahiz begi bistan ez egon. Finantzaketa instituzio ezberdinen esku egongo da. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa, Getariako Udala eta Gipuzkoako Urak-ek elkarlanean landutako proiektua izango da eta kostuari dagokionez lehen hiru erakunde horiek finantzatuko dute obra guztia. Lanen aurrekontua 467.125,46 eurokoa aurreikusten bazen ere, 287.872,49 eurotan esleitu da Construccines Otegi-Gaztañaga enpresari eta dagoeneko lanean hasiak dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate