Diario Vasco

Erraustegiaren inguruko galdeketa gaurtik igandera

'Erraustegia egitea nahi duzu ala ez?' izango da galdera.
'Erraustegia egitea nahi duzu ala ez?' izango da galdera.

Erraustegia Erabakia herri plataformak guztia prest dauka gaurtik igandera bitartean egingo den herri galdeketarako. 'Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?', horixe izango da erantzun beharreko galdera eta bi bozka paper izango dira mahaietan, 'bai' eta 'ez'.

Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera, guztira 5.312 lagunek. Nortasun agiria, errolda agiria, pasaportea edota gidabaimena erakutsi beharko da erraustegiaren inguruan bozka eman ahal izateko, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela egiaztatu beharko delarik.

Galdeketa auzoka egitea erabaki dute. Gaur arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara izango da bozka-tzeko lehen aukera Aginagako frontoian. Bihar 9:00etatik 14:00etara Santueneako frontoian izango dira mahaiak eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara Zubietako Kaxkape egoitzan. Igandean, berriz, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara izango da bozka emateko aukera Askatasuna plazan. Herritarrek nahi duten tokian bozkatu ahal izango dute, norberari ondoen datorkion egun eta orduan. Hori bai, bi hautetsontzi egongo dira, usurbildarrentzat bata, zubietarrentzat bestea.

Mahai hauetan bolondresak egongo dira lanean eta horrez gain, galdeketa prozesu osoa ikuskatzeko eta protokoloak ezartzen duenaren arabera betetzen dela bermatzeko Berme Batzorde bat osatu dute. Bertan herri honetan erreferenzialtasuna duten elkarteko kide, kirolari, artista, hiritarren parte hartzeko teknikari, eta administrazioan, irakaskuntzan eta osasungintzan lanean diharduten pertsonak daude.

Igandean, 20:00etan Askatasuna plazan egongo den hauteslekua itxi ondoren, bozka zenbaketa publikoa egingo da. Emaitzaren akta altxatuko da bertan eta emaitza herritarrei, Donostia eta Usurbilgo Udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie. Erraustegia Erabakia herri plataformak antolatutako herri galdeketa hau Espainiako Gobernuak udalari galdeketa egitea ukatu ostetik dator. Plataformak usurbildarren 1.185 sinadura aurkeztu zituen udalean galdeketa egiteko eskatuz eta udalak, udalbatzarrean, gehiengoz galdera hau egitea ebatzi zuen: 'Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?'. Hori horrela, galdeketa lotesleak egiteko egin ohi den prozedurari jarraiki, Espainiako Gobernuari baimen eskaera luzatu zitzaion martxoaren 4an, baina Espainiako Ministroen Kontseiluak baimena ukatu zion.

Lib-dubaren aurkezpena

Pasa den igandean herri plataformak grabatu zuen lib-duba gaur arratsaldeko 20:00etan aurkeztuko dute herriko frontoian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate