Diario Vasco

Keta Babyautok berriro gol bakar bategatik galdu du, oraingoan lider dagoen Soraluzerekin

Gorka Lazkano. Zelai erdian borrokan Ketako jokalaria.
Gorka Lazkano. Zelai erdian borrokan Ketako jokalaria. / AMAXKAR
  • Azken bi jardunalditan emaitza berbera atera dute getariarrek, 1-0 galdu dute

Keta Babyautok ezin izan zuen garaitu Soraluze liderra azken norgehiagokan, Gorengoen Mailako bosgarren jardunaldian. 1-0eko emaitzarekin, bigarren porrota jaso dute jarraian getariarrek, eta jokoan alde handia izan ez arren, esku hutsik geratu dira azken bi partidetan.

Aurreko norgehiagokaren itxura berdintsua izan zuen larunbateko partidak, Ezozia futbol zelaian jokatu zenak. Lehen zatian, kosta egin zitzaion zelaian lekua hartzea Getariako Ketari eta garesti ordaindu zuen intentsitate falta.

Lehen 45 minutuetan Soraluze gehiago izan zen Keta baino eta 25. minutuan, etxekoek partidako gol bakarra egin zuten. Jakina zen etxeko taldeak gol gutxi egiten dituela baina jaso are eta gutxiago. Aurreko lau jardunaldietan euren atea behin bakarrik zulatzea lortu zuten arerioek eta Ketak oraindik denbora bazuen gutxienez berdinketaren bila joateko. Baina alferrikakoa izan zen getariarren ahalegina. Soraluzek oso ondo zaintzen du bere atea eta aukera onak izan arren berriro esku hutsik itzuli ziren Rauleaga eta Azpitarteren mutilak.

1 eta 0 jarri zirenetik Keta Babyautoko jokalariak goranzko joera izan zuten. Batez ere bigarren zatian, norgehiagokaren kontrola izan zuten eta soraluzetarrek nahi baino gehiago sufritu behar izan zuten. Aukera garbiak izan ziren partida berdintzeko baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Mikel Mujikaren falta jaurtiketa bikain bat ozta-ozta atera zuen marraren gainetik atezainak eta baita azken minutuan Beñat Gerekak izan zuen aukera garbia ere.

Gauzak horrela, 4 punturekin dira getariarrak sailkapenean eta garaipen bat lortu beharra dute berandu baino lehen. Datorren igandean, Lagun Onak Azpeitiko taldea jasoko dute Mendibeltzen.

Jubenilek berriz, aurreko asteko gol festaren ondotik, porrota jaso zuten, 0-1, Antigua Luberriren kontra.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate