Diario Vasco

1. Errejional futbol taldeak Haranen jokatuko du gaur

Garaipena. Etxean lehen partida irabazi zuten pasa den larunbatean.
Garaipena. Etxean lehen partida irabazi zuten pasa den larunbatean.

Usurbil Futbol Taldeko maila desberdinetako taldeek jardunaldi berri bat jokatuko dute asteburu honetan. Aste batzuk pasa dira taldeetako batzuk liga hasi zutenetik, baina beste batzuk asteburu honetan izango dute lehen jardunaldia, alebinek eta infantilek hain zuzen ere.

Asteburu honetan bi neurketa ikusteko aukera izango da Harane futbol zelaian. 1. kadete mailako taldeak jokatuko du goizeko 11:15ean Kostkas C taldearen aurka. Herriko taldeak 6-1 galdu zuen pasa den asteburuan Zizurkilen Danena B taldearen aurka eta gaurkoan ligako lehen garaipena lortzea izango dute helburu.

Arratsaldean, berriz, 1. Errejional mailako taldearen txanda izango da. 16:00etan hasita Astigarragako Mundarro taldea izango dute aurrez aurre usurbildarrek. Ligako lehen bi jardunaldietan puntu bakarra eskuratu ostean, egoerari buelta ematea lortu du herriko taldeak, bi garaipen jarraian lortuaz. Pasa den larunbatean Haranen jokatu zuten Texas Lasartearra taldearen aurka eta 4-0 irabazi zuten.

Honela bada, sailkapeneko 3. postuan kokatu da Usurbil Futbol Taldea. Gaur aurrez aurre izango duten taldeak, berriz, 4 puntu gutxiago ditu, partida bakarra irabazita iritsiko baita Haranera.

Gainontzeko taldeek etxetik kanpoko neurketak jokatuko dituzte. 1. jubenil mailako taldeak Astigarragan jokatuko du bertako taldearen aurka 17:45etan hasita. Herriko jokalariek pasa den asteburuan eskuratu zuten ligako lehen garaipena Billabona taldeari 2 eta 1 irabazi ostean.

Infantil mailako 3 taldeek, berriz, gaur ekingo diote ligari. Nesketan bi talde izango ditu aurten lehian Usurbil Futbol Taldeak. A taldeak Donostiako Berio-7 futbol zelaian jokatuko du 13:30ean Santo Tomas Lizeoaren aurka eta B taldeak, aldiz, Mutrikun 10:30ean.

Mutilen taldeari dagokionez, Tolosako Usabal futbol zelaian jokatuko dute gaur 10:30ean Tolosa B taldearen aurka.

Azkenik, alebin mailako taldeak ere lehen jardunaldia izango du bihar jokoan. Oreretako Don Bosco zelaian jokatuko dute 10:15etan Añorga taldearen aurka.

Urteurren bazkaria

Bestalde, aurten 40 urte bete dituela eta, 40. urtemugako bazkaria antolatu du Usurbil Futbol Taldeak. Urriaren 22an izango da Saizar sagardotegian eta txartelak dagoeneko salgai daude Benta, Txiriboga eta Bordatxo tabernetan. Bi menu daude aukeran: helduentzat 30 eurokoa eta gazteentzat 15 eurokoa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate