Diario Vasco

Getariako Guraso Eskola hilabete honetan hasiko da eta izena eman daiteke

Haurren bizitzako lehen urteek garrantzi handia dute.
Haurren bizitzako lehen urteek garrantzi handia dute. / AMAXKAR
  • Iturzaeta Herri Eskolan du egoitza eta 0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendua dago

Getariako Guraso Eskola laster jarriko da abian. Horregatik dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta urriaren 11 bitartean egin ahal izango da. 0-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendua dago eta Iturzaeta Herri Eskolan emango da.

Adituen esanetan, «jaio eta hasierako urteek garrantzia gero eta nabarmenagoa dute. Izan ere, garai honetan norbanakoaren garapenak eta heldutasunak hainbat forma hartuko ditu ikasitakoaren arabera eta honetarako izandako prozesuaren arabera». Ezinbestekoa da, beraz, «prebentzio-lana. Honek hasierako urte hauetan garapen eta bizipen egokiak izaten lagunduko du, eta ondorioz pertsona horrek bizi-kalitate ona izango du etorkizunean».

Honek guztiak «haurren garapenean zutarri diren bi erakunderekin lan egitea dakar: familia eta eskola. Horregatik, gurasoek eta irakasleek haurren hezkuntzari dagozkion hainbat kontzeptutan eta helburutan bat egitea komeni da».

Ikastaroaren metodologia

Harremanak Elkartea (psikologia, psikoterapia eta sexologian adituak) arduratuko da ikastaro hauek emateaz. Beraien ustez «Guraso Eskolak dituen helburuak direla eta, metodologiak ezin du azalpen hutsa izan, ez eta pasiboa edo teorikoa ere, honela ezingo genituzke helburuak lortu. Aldaketak ez dira arrazoi bidez bakarrik egiten. Horregatik metodologiak parte hartzailea behar du izan, irekia. Helburuak bete- tzeko lanean dihardugun guraso taldearen izaera kontuan hartu behar dugu. Gutxieneko segida bat eman behar diogu prozesuari, talde lan dinamikoa izango da metodologiaren oinarria».

Jorratu daitezkeen gaien zerrenda zabala da, besteak beste, lotura afektiboak eta atxikimendua, agresibitatea, jolasaren garrantzia, nerabearen gizarteratzean taldeak duen garrantzia, zerotik hamabi urte bitarteko garapen psikosomatikoaren deskribapena, elikadura, emozioak eta lotura psikosomatikoa, komunikazioa familian, gurasoen heziketaren funtzioaren eta eskolaren arteko harremana, heriotzaren bizipena landu, sexualitatea eta abar luze bat.

Ezaugarriak eta izen ematea

Ikastaroaren ezaugarri nagusiak bi izango dira. Alde batetik, bi talde mugatuak osatuko dira eta ikastaroa egiteko, gutxienez 8ko kopurua beharko da talde bakoitzean. Seme-alaben adinaren arabera antolatuko dira bi taldeak (0tik 8ra bata eta 9tik 12ra bestea), bakoitza bere ordutegiarekin.

Bestalde, ikastaroa bederatzi saioetan banatuta egongo da, bakoitza ordu eta erdiko iraupenarekin. Asteazkenetan izango dira saio guztiak eta egunak lehenengo saioan, urriak 26an, finkatuko dira.

Izena emateko orrian zehaztu beharko da seme-alaben adinarekin, ze saiotan izena ematen duzun, 14:30etik 16:00etara (0tik 8urteetarako haurrak dituztenentzat), eta 14:30etik 16:00etara edo 18:00etatik 19:30era (9tik 12 urteetarako haurrak dituztenentzat). Parte har-tzaileen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta seme-alaben adinak adierazi behar dira izen-emate orrian.

Urriaren 11 bitartean zabalik dago izena emateko epea eta orria udaletxera edo Iturzaeta Herri Eskolara eraman behar da. Izen emate orrian jarri beharrekoa parte har- tzaileen izen deiturak, helbidea, telefono zenbakia bat eta seme-alaben adina besterik ez da idatzi behar.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate