Diario Vasco

Hamalau baserri lehiatuko dira bihar Errezilgo Sagardo Txapelketan

  • Laugarrenez antolatu du lehia Gaztetandik Kultur Elkarteak. Txapelketa 20:00etan hasiko da pilotalekuan

Errezil sagar lekua izanda, nola ez, ezin falta honen zukurik ere. Laugarrenez antolatu du Gaztetandik Kultur Elkarteak bertako sagardoaren lehia. Hamalau baserrietako sagardoa dastatzeko aukera izango da bihar, larunbata, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Errezilgo pilotalekuan izango da beste behin herrriko sagardoen arteko lehia. Urtero bezala, giro berezia sortuko da bertan. «Herri giroko ekitaldia izaten da. Hala ere, kanpotar sagardozaleak ere inguratzen dira. Etxeko sagardogileak, nola ez, pozik hartu izan dute parte ekitaldi honetan. Izan ere, beraien sagardoa erakusteko aukera polita da eta gerturatzen direnek ere jakinminez dastatzen dute herriko baserri desberdinetan egindako sagardoa», adierazi dute Gaztetandik kultur elkarteko antolatzaileek.

Sagardo onenak Errezilgo sagardo txapeldunaren txapela jasoko du. Hori nor izango den erabaki-tze lanetan hiru epaile aditu ariko dira sagardoa dastatzen.

Sagardoa bakarrik ez

Gerturatzen direnek nahiko sagardo probatzeko aukera izateaz gain, izango dute tragoarekin batera mokadua egiteko tartea ere.

Hamar euro izango da sarrera eta trukean nahikoa sagardo eta pintxo dastatzeko aukera izango da. Ondoren, hala nahi duenak, kafea ere izango du.

Antolatzaileek inguruko sagardozaleak animatu nahi dituzte Errezilera gerturatu eta festa giroan murgiltzeaz gain, txapelketa honi gero eta sona gehiago ematera.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate