Diario Vasco

Txeruk eskulan tailerra eta joste eta kakorratz ikastaroak antolatu ditu

Eskulanak. Filorekin egingo dituzte Txeruren lokalean.
Eskulanak. Filorekin egingo dituzte Txeruren lokalean. / AMAXKAR
  • Joste eta kakorratz ikastaroa Balenciagan izango da eta eskulanetan bi tailer antolatu daitezke

Gure Txeruk 2016-2017 ikasturterako eskulanak ikasteko tailerra antolatu du, eta horretarako aurreko urteetan bezala, Filo irakaslearen laguntza izango dute. Ikastaroa ostegun arratsaldetan izango da Gure Txeruko lokalean eta apuntatzen den jende kopuruaren arabera txanda bat edo bi egingo dira (15:00-17:00 eta 17:00-19:00). Izena kale Nagusiko Gluglu bitxi-dendan eman daiteke eta epea urriaren 1ean, larunbatean, bukatuko da.

Bestalde, Gure Txeru elkarteak Cristobal Balenciaga Museoarekin elkarlanean, joste eta kakorratz (gantxillo) ikastaroak antolatu nahi ditu berriro, aurreko urteko ikastaroen harrera ona ikusita.

Ikastaroak Balenciaga Museoan izango dira. Ikastaroetan parte hartu nahi izanez gero, datorren ostiralean, irailaren 30ean, 19:00etan Txeruko lokalean egingo den informazio-bileran bertan eman beharko dute izena.