Diario Vasco

1. Errejional mailako futbol taldearen partida Haranen

Usurbil Cup. Gaur emango diote amaiera txapelketa honi.
Usurbil Cup. Gaur emango diote amaiera txapelketa honi.

Herriko kirol talde desberdinek denboraldi hasierako jarduerari jarraipena emango diote asteburu honetan.

Usurbil Futbol Taldeari dagokionez, 1. Errejional mailako taldea izango da asteburu honetan etxean jokatuko duen bakarra. Arratsaldeko 16:00etan hasita Vasconiaren aurka jokatuko dute Harane futbol zelaian. Pasa den denboraldian maila galdu ostean pasa den larunbatean jokatu zuten ligako lehen neurketa eta 1-0 galdu zuten Iluare taldearen aurka eta gaurkoan lehen puntuak eskuratzen saiatuko da herriko taldea. Jokalari gazteez osatutako taldea dute aurten, iaz jubenil mailan entrenatzaile lanetan aritu zenaren esanetara.

1. jubenil mailako taldeak, berriz, gaur arratsaldeko 19:30ean Andoaingo Ubitarte futbol zelaian jokatuko du ligako bigarren neurketa Euskaldunaren aurka. Pasa den asteburuko lehenengo jardunaldian 1-1 berdindu zuten SantoTomas Lizeoa A taldearen aurka Haranen eta gaur aurrez aurre izango duten taldeak, aldiz, 5-1 galdu zuen Urnietaren aurka.

Azkenik, 1. kadete mailako taldeak gaur goizeko 9:00etan du hitzordua Añorgako futbol zelaian. Lehenengo neurketan Haranen Astigarragako Mundarro taldearen aurka 0 eta 2 galdu ostean, lidertzan den Añorga taldea izango dute aurkaria.

Bestalde, Usurbil Futbol Taldeak antolatzen duen Usurbil Cup 2016 gaur amaituko da. Azken asteetan hainbat partida jokatu dira Haranen, kiroldegian nahiz Ageri Alden eta gaur arratsaldeko 18:45ean hasita sari banaketa ekitaldi jendetsua izango da frontoian.

Eskubaloiari dagokionez, etxetik kanpo jokatuko dituzte euren partidak asteburu honetan lehian izango diren taldeek. Zilarrezko Ohorezko maila jokatzen ari den senior mailako emakumezkoen taldeak Barañaingo udal kiroldegian jokatuko du gaur 20:00etan ligako bigarren neurketa. Iaz mailaz igotzea lortu ostean, liga hasiera bikaina izan zuten pasa den larunbatean, 34-7 gainditu baitzuten CB Salud Tenerife taldea. Gaur aurkari izango duten Lagunak taldeak, berriz, 30-13 galdu zuen multzo honetan lehen postua eskuratzeko faborito nagusietako bat den Logroño Sporting La Rioja taldearen aurka.

1. Nazional mailako senior mutilen taldeak, berriz, gaur jokatuko du ligako lehen neurketa. Oreretako Galtzaraborda kiroldegian izango dute hitzordua arratsaldeko 20:00etan, Ereintza EB taldearen aurka jokatuko baitute.

Bihar, berriz, Enrike Abril Errebote txapelketako jardunaldi berri bat jokatuko da eta Zubietako errebote plazan izango da etxeko taldea, Zubieta. Eguraldiak uzten badu, behintzat, goizeko 11:00etan hasita Hazparneko Noizbait taldearen aurka jokatuko dute.

Azkenik, astelehenean jokatuko dira Aginagako Pilota txapelketako finalerdiak. 19:30ean hasiko den jaialdian Arrieta eta Altunak Eskudero eta Gorrotxategiren aurka jokatuko dute lehendabizi eta ondoren, Santxo eta Arangurenek Loidi eta Gurutzealde izango dituzte aurrez aurre. Finala hilaren 30ean jokatuko da Aginagako San Praixku jaien barruan.