Diario Vasco

Loreto Aramendiren piano kontzertua iluntzean parroki elizan

Loreto Aramendi. Maila handiko piano jolea dugu gaurko kontzertuan erakutsiko duen bezala.
Loreto Aramendi. Maila handiko piano jolea dugu gaurko kontzertuan erakutsiko duen bezala.

Bariko San Nikolas parrokiak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, Loreto Aramendi pianojolearen kontzertua iragartzen da gaur 20:00etan hasita, parrokian.

Ez da lehen aldia bere etxera etortzen dela, izan ere Loretok ederki ezagutzen du elizako organoa. Orion jaioa da Loreto Aramendi; Donostiako kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta han eskuratu zituen pianoko, klabeko, organoko eta ganbera-musikako goi titulazioak. Baionako eta Liongo kontserbatorioetan organo ikasketak jarraitu zituen gero. Parisen, Eskualdeko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean bost urteko hobekuntza lana egin zuen Noelle Spieth irakaslearekin, eta, klabezineko goi zikloaren amaieran, Lehen Saria eta Musika Ikasketa Orokorren Diploma eskuratu zituen. Piano espezialitatea J. Rouvier irakaslearekin egin zuen.

Ondoren, hiru urtez, bere piano-teknika landu eta hobetu zuen Bar-tzelonan Edith Fischer eta Jorge Pepi irakasleen eskutik. Trebakuntzako ikastaro ugari egin ditu Radulescu, Oortmersen, Jansen, Moroney, Requejo, Roberto Szidon, Tony Millán, Claudio Brizzi edo Sakharov irakasleekin, besteak beste. Emanaldi ugari eskaini ditu hainbat jaialditan, Europan barrena. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin hainbat urtetan lan egin du, eta bi disko grabatu.

Gaur egun, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko irakasle da eta, horrez gain, Donostiako Koruko Amaren Basilikako organo-jotzaile titularra da.

Gaur arratsaldeko emanaldian, besteak beste, J. Alain, Gabriel Fauré, Sergei Rakhmaninov edo Maurice Duruflén piezak joko ditu. Herritarrak gonbidaturik geratzen zarete, izan ere maila handiko pianojolea dugu oriotarra.