Diario Vasco

Lagundutako bainuak eskertu dituzte erabiltzaileek eta jarraipena izatea eskatu

Lagundutako bainuak eskertu dituzte erabiltzaileek eta jarraipena izatea eskatu
  • Elbarrituei zuzendutako zerbitzu bat da eta bestela ezinezkoa izango zitzaien itsasoratzea

Askorentzat oso arrunta den egoera bat, itsasoan bainu bat hartzea, beste batzuentzat arazo larria izan daiteke eta horregatik egoera honetan aurkitzen diren pertsonak asko eskertzen dute udaran ematen den zerbitzu berezi hau.

Eskerronekoak direla erakusten dute eta Iñaki Aranberria, Jon Aretxabaleta eta Igor Elizburu 'Lagundutako bainuak' zerbitzuaren erabiltzaile direnak, mezu argia zabaldu nahi izan dute eta horretarako ondorengo idatzia luzatu digute.

Honela dio. «Udazken atarian gaude dagoeneko eta esan daiteke uda sasoia bukatu dela. Guretzat bai behintzat. Irailaren 15ean bukatu zen Gurutze Gorriak Getariako hondartzan ematen dituen «Lagundutako bainuak» zerbitzua.

Gutun honen bitartez Getariako hondartzan zerbitzua ematen lanean aritu den sorosle taldeari gure eskerrona erakutsi nahi diegu. Elbarrituentzat zuzendutako zerbitzu bat da eta bestela ezinezkoa izango zitzaigun bainu hori hartzen laguntzen digute hondartzara joaten garenean. Udako denboraldiak iraun duen bitartean martxan egon dira lagundutako bainuak eta jende gaztea, prestatua eta profesionala aurkitzen dugu urtez urte lan horretan. Azpimarratzekoa da daukaten gizatasuna, laguntzeko borondatea eta prestutasuna; bainatzen, mugitzen, janzten eta behar den guztian laguntzen dute eta beti aurpegi onarekin, irribarretsu, umore onez eta gertuko sentituz. Hori benetan eskertzekoa da. Behar beharrezko bihurtu da zerbitzua jende askorentzat, hala frogatu da, gero eta erabiltzaile gehiago dagoelako. Beraz, urte askoan jarraituko duela espero dugu. Eskerrik asko beraz talde bikain hori osatzen duzuenoi: Beñat Aristi arduraduna; Etxaun Otaño, Erika Sanches, Oier Azkue, Jon Fermin Gutierrez, Izaskun Alvarez, Laura Valentin, Iñigo Izeta, Alex Sevillano, Asiera Sachez, Leire Rezabal, Olatz Flores, Iñigo Diaz, Iker Beristain, Asier Urrestilla, anbulantziako gidariak eta erizainak. Datorren urtean elkar ikustekotan agurtzen gara, animatu eta 2017an ere etorri Getariako hondartzako Gurutze Gorrira lan egitera».