Diario Vasco

Bizipozaren jaia izango da igande honetan Usurbilen

Bizipoza egunaren aurkezpena Potxoenean.
Bizipoza egunaren aurkezpena Potxoenean. / J. A.
  • Helburua euskara, auzolana, elkartasuna eta bizipoza sustatzea izango da

  • Behar bereziak dituzten haurren Euskal Herriko 30 elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute

Egun osoko festa izango da eta bertan egongo dira Bizipozako elkarteak, Pirritx Porrotx eta Marimotots, Irrien Lagunak Kluba, haurrentzako tailerrak, bazkari herrikoia....eta hainbat ekitaldi egunean zehar. Bizipozako elkarteek, Usurbilgo alkateak, Usurbilgo herri eragileek, Porrotxek eta Bizipoza elkarteak irailaren 25ean bizipoza elkarbanatuko duten jaira etortzeko gonbitea luzatu zuten duela bi aste.

Egunean zehar Bizipoza osatzen duten elkarteak presente izango dira igandean. Dema plazan izango dira bakoitzak bere informazioa elkarbanatuz eta egunean zeharreko tailerretan eta ikuskizunetan parte hartuz. Piko-piko jolasaren bidez, elkarte hauek eta festara datozen norbanako eta famili guztien arteko harremanak indartu eta elkar ezagutza handitzeko aukera izango dela ere azpimarratu nahi izan zuten.

Xabier Arregi herriko alkateak ere hitz egin zuen agerpen horretan eta lehenik eta behin bereziki eskerrak eman zizkien Bizipozakoei, «gure-tzat, Usurbilgo udalarentzat eta herriarentzat, azken batean binomio banaezina baita, aukera paregabea delako horrelako festa egun bat hemen, gure herrian, egin ahal izatea. Herri bat zer den bere balioen arabera neurtzen baita. Gure imaginario kolektiboan herri gisa gure burua horrela irudikatzen dugu. Zen-tzu horretan, iruditzen zait Bizipozaren egunak aukera paregabea eskaintzen digula herri gisa horrela agertzeko», esan zuen.

Honela bada, usurbildarrei nahiz inguruko herritarrei igandean Usurbila etortzeko deia egin zien esku zabalik hartuko dituztela esanaz. Iganderako egitarau potoloa osatu dute. Goizeko 10.00etan elkarteen topaketa izango da eta 11.00etan ekingo diote Piko-piko jolasari, elkarteekin elkarrekin jolastuz. 12.15etan elkarte, babesle edota laguntzaileei agurra iragarrita dago eta 12.30etan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Amalur' ikuskizuna izango da. 13.30etan bazkari herrikoia izango da Askatasuna plazan eta txartelak egunean bertan izango dira salgai 5 eurotan.

Arratsaldean, 'Inklusioaz formatu txikian' antzerkia, Sutegin (Zeinu bidezko itzulpena izango du), 12 urtetik gorakoentzat 15:30ean hasita eta ordu berean Jalguneko lagunak frontoian egongo dira. 16:30ean Ane eta Piratak Bizipozako elkarteekin parrandan ikusteko aukera izango da eta 17:30ean txokolatada. 18:00etan jaiaren amaiera iragarri dute.

Egunean zehar, musikariak, buruhandi eta erraldoiak, elkarteen tailerrak... izango dira frontoi inguruan eta Mikel Laboa plazan Irrien Lagunen puzgarriak eta tailerrak (Real Sociedad Fundazioa eta Usurbilgo eragileen eskutik) 10:00etatik 17:00etara. Sarrerei dagokionez, norbanakoen sarrera 5 euro izango da, familia sarrera 10 euro eta Irrien Lagunak klubeko familiak doan sartuko dira.

Aginagako Eskola Txikia

Aginagako Eskola Txikiaren 3. eguna antolatu dute bihar egun osoz Aginagan. 11:00etan zirku eta zien-tzia tailerra izango da eta 14:00etan bazkaria norberak eramandakoarekin. 16:30ean 'Sardina frexkue' emanaldia iragarrita dago Eidaberen eskutik eta 18:00etan Erokomeria taldearekin nahikoa datza egiteko aukera izango da Aginagan.