Diario Vasco

Antzerkigintzaren 'Jauzi' egunak igandea bitartean izango dira Usurbilen

Putinen guardasola. Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren antzezlana izango da Sutegin larunbatean.
Putinen guardasola. Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren antzezlana izango da Sutegin larunbatean.
  • Kaleko nahiz areto barruko ekimen desberdinak izango dira gaurtik aurrea herrian

Antzerki egunak biziko dituzte Usurbilek eta bertaratuko direen guztiek gaurtik hilaren 25a bitartean EHAZEk (Euskal Herriko Antzerki Zale Elkartea) Muxurbilek eta Usurbilgo udalak antolatuta. «Gure arimei bazka eman behar zaie, eta horretarako datoz Jauzi egunak» diote antolatzaileek. Antzerkiaren alde desberdinak lantzeko asmoa dago, antzerki lanak ez ezik, hitzaldi eta ikastaroak izango dira ikus-entzun-bizigai.

Hasera ekimen bezala, Kale ekintza musikatua izeneko jai ibiltaria antolatu dute osteguna hilak 22an. Antzezle eta musikariek Usurbilgo txoko desberdinak animatuko dituzte arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Ostiralean hilak 23 euskal umorea aztergai izango dute hitzaldi teoriko-praktiko batekin. Euskal umorea: gorri, berde eta morea lelopean hizlari izango dituzte arratsaldeko 19:00etatik aurrera Sutegin Idoia Torregarai, Martin eta Xabier Etxeberria. Ondoren izango den antzezlanaren aurretik Tentexut izeneko zizka mizka artistikoa izango da beraien barrenen asegai.

Gaueko 22:00etan Sutegin Zerura eroria antzezlanak galdera hauek ekarriko dizkigu gogora: Zerbait al dago hil ostean? Zerbait badago, nora goaz? Gora? Behera? Bizitutakoaren arabera erabakiko al da norabidea? Ezinbestekoa da bizitza produktiboa eramatea behin betiko atsedena lortzeko ? Nola deitzen dira hilda zaudenean dituzun bizipenak? Hildakoen bizipenak? Bizi penak? Hil penak? Anodino teatrok galdera guzti hauei (edo...) erantzun nahi die obra irreberente eta katxondo honekin. Antzezlan hau ikusteko 5 euro ordaindu beharko dira (ikasle eta langabetuek 3 euro).

Launbatean goizetik izango dute haurrek zer gozatu Aginagako eliza zaharrean, zirko ikastaroa izango baita goizeko 11etan.

Arratsaldean Klown ikastaroa izango da Sutegin Iosu Florentinoren eskutik, 18:00etan Sutegin 5 euroren truke. Gero berriro Tentexut, barrenak pixkat asetzeko.

Eta larunbatari brotxe ederra emateko, gaueko 22:00etatik aurrera beste antzezlan bat: Putinen Guardasola. Lehendakaria kezkatuta dago. 'Euskaldun guztiok batuko gaituen himnoa behar dugu' aitortu du. Baina nork egingo du? Bilera luze baten ondoren, adostasuna lortu dute: Ray eta Nik izango dira euskal ereserkiaren egile. Bi izengoiti horien atzean bi aktore handi: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa. Sarrera 5 eurokoa izango da (ikasle eta langabetuek 3 euro).

Igandean Bizipozaren eguna dela eta hainbat antzezpen eta animazio izango dira. Besteak beste 'Inklusioaz formatu txikian' lana izango da ikusgai.