Diario Vasco
Hasiera bikaina. Espainiako Zilarrezko mailako lehen neurketa 34-7 irabazi zuten Oiardo kiroldegian.
Hasiera bikaina. Espainiako Zilarrezko mailako lehen neurketa 34-7 irabazi zuten Oiardo kiroldegian.

Emakumezkoen eskubaloi taldeak garaipen erreza lortu zuen

Herriko kirol talde desberdinek euren liga txapelketak hasi zituzten pasa den asteburuan.

Zilarrezko liga

Usurbil Kirol Elkarteari dagokionez aurten Espainiako Zilarrezko ligan jokatuko duen emakumezkoen senior mailako taldea izan da denboraldi ofizialari ekin dion lehena. Pasa den denboraldian igoera lortu ostean, denboraldi honetan estatu mailako txapelketan izango dira herriko jokalariak eta larunbatean bikain ekin zioten txapelketari.

CB Salud Tenerife taldea izan zuten aurkaria Oiardo kiroldegian estreineko neurketa hobetan eta usurbildarrak erraz nagusitu ziren, 34 eta 7. Lehen zatia amaitzerako erabakita zegoen neurketa. Tenerifeko taldea 0 eta 1 aurreratu zen markagailuan, baina hortik aurrera erraz nagusitu zen Usurbil Kirol Elkartea. Aurkariak usurbildarren defentsa gainditu ezinik ibili ziren eta atsedenaldira 18-4ko markagailuarekin iritsi ziren.

Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen eta azkenean 34 eta 7 amaitu zen partida. Datorren asteburuan Barañainen jokatuko dute Lagunak taldearen aurka.

Senior mailako mutilak

Usurbil Kirol Elkarteko gainon- tzeko taldeek datozen asteetan hasiko dute liga. Senior mutilen taldeak Espainiako 1. Estatal mailan jarrai-tzen du eta datorren asteburu honetan jokatuko du ligako lehen neurketa. Kadete eta jubenil mailako mutil eta nesken taldeak, berriz, Euskal Ligan izango dira eta urriaren 2ko asteburuan hasiko dituzte beraien ligak.

Futbola

Usurbil Futbol Taldeari dagokionez, 1. Errejional mailako taldea esku hutsik itzuli zen Donostian jokatu zuten ligako lehen neurketatik. Herriko taldeak 1-0 galdu zuen Irauli taldearen aurka. Atsedenaldira iristear zeudela sartu zuen etxeko taldeak partidako gol bakarra eta usurbildarrek gol aukeraren bat izan bazuten ere, azkenean ezin izan zuten punturik lortu lehen jardunaldian.

Lehenengo jubenil mailako taldeak, berriz, 1-1 berdindu zuen Haranen Santo Tomas Lizeoa A taldearen aurka eta lehenengo kadete mailako taldeak 0-2 galdu zuen Astigarragako Mundarro taldearen aurka.

Bestalde, Usurbil Futbol Taldeak antolatzen duen Usurbil Cup txapelketa asteburu honetan amaituko da. Astean zehar jokatuko dira finalerdiak eta larunbatean izango dira finalak.