Diario Vasco
Gaztelekua.
Gaztelekua. / AMAXKAR

Gaglo gaztelekuko etorkizuna zalantzan ikusten du EAJ-PNVk

  • Udal Gobernuak egungo kontratua amaitutzat eman du

Getariako EAJ-PNVko udal taldeak bere ezinegona azaldu nahi du gaztelekuaren etorkizuna dela eta. Gogoratze aldera, Gaglo gaztelekua 2006ko abenduaren 22an ireki zen 12-16 urte zituzten gazteei aisialdirako aukera bat bezala. Hamar urte funtzionamenduan egon ondoren ordea, ez da argi ikusten zein izango den bere etorkizuna. Udal gobernuaren erabakia izan baita orain arte kudeaketan ibili den enpresari kontratua ez luzatzea.

Udal gobernuak bere partetik, ez dauka argi zer egin nahi duen gaztelekuarekin. Getariako EAJn «argi dugu beharrezkoa eta oinarrizkoa dela zerbitzu hau manten-tzea, Getariako gazteek aisialdiaz aparte errespetua, elkarlana eta talde kohesioa sustatzen dutelako. Horrez gain neguan leku egokitu bat dute denbora pasatzeko».

Jakinik irailean bukatzen zela kontratua, «udal gobernuak maia-tzeko batzordera ekarri zuen gaia, bertan gaztelekuak hausnarketa bat behar zuela azaldu zuen eta baloratu beharko litzatekeela zerbitzua mantendu edo ez. Honekin batera ebaluaketa txostena jaso zuten zinegotzi guztiek, eta bertan adierazitako datuen arabera, gaztelekuaren funtzionamendua oso ona zen, ekintza ugarirekin eta gazteen erabilera onarekin. Ondorioz begiraleek zerbitzua ematen jarraitzea gomendatzen zuten (kontuan izan behar da hauek hasieratik dauden begiraleak direla). Baina uztailean gai berdinarekin jarraituz, kontratua bukatzen zela adierazi ziguten eta oraindik zer egin erabakitzeke zegoela eta oposizioari jakinaraziko ziotela erabakia hartu bezain pronto».

Iraila iritsi da «eta oposizioari ezer esan gabe Udal Gobernuak kontratua amaitutzat eman du Hezizerb enpresarekin. Ondorioz, asteburu honetatik aurrera ez da gaztelekuko zerbitzurik egongo gure herrian».

Getariako EAJ-PNVtik adierazi nahi du «gazteleku ixtearen guztiz kontra gaudela, eta ahal dugun guztia egingo dugula udalak herritarrei zerbitzu hau ematen jarraitzeko. Bestela nora joango dira Getariako gazteak neguan? Kalean utzi behar ahal ditugu? Herriaren etorkizunari bizkar eman behar al dio udal gobernuak? Herritarren ahotsak ez al du balio?».