Diario Vasco

Izaro eta Leire Lestayo (Patroi eta arraunlaria): «Helburua bete dugu eta orain saiatuko gara bihar berriz laugarren izaten»

Izaro eta Leire Lestayo ahizpak, bihar Donostiako badian Getaria-Zarautz ontzian izango dira.
Izaro eta Leire Lestayo ahizpak, bihar Donostiako badian Getaria-Zarautz ontzian izango dira. / AMAXKAR
  • Bihar, Lestayo ahizpak Getaria-Zarautz traineruan izango dira Kontxako Banderan ahalik eta lanik onena egin nahian

Denboraldia amaitzear dagoen honetan eta urteko bandera nagusia jokoan jarri denean erakutsi du Getaria-Zarautz nesken traineruak bere mailarik onena. Joan den igandean laugarren tokian sail-katu ziren euren txandan Cabo eta Arraun Lagunak atzean utzi ondoren eta horri esker bihar eguerdian Donostiako badian txanda nagusian egoteko eskubidea lortu dute. Traineruaren barne bi ahizpa getariar izango ditugu, Lestayotarrak, bata bestearengandik urrun, Izaro patroi lanetan ontzia eta arraunlariak gidatuz eta Leire arraunean, branka inguruan, istriborreko seigarren laguna. Egun handia izango da beraientzat eta baita Getaria zein Zarauzko zaleentzat. Horregatik elkartu ditugu eta euren iritziak jaso.

-Joan den igandekoa izan zen zuen ustez denboraldiko estropada onena?

-Bai, dudarik gabe. Egia da baita lehiatzeko gogo gehien genuen estropada ere hau zela eta gogo hori ere azaldu genuela. Dena ondo atera zitzaigun, irteera, joaneko ibilbidea, ziaboga eta etorrera, dena ondo.

-Kanporaketan erakutsi zenuten ez zeundela horren urrun, horrek konfiantza ematen du?

-Bertaratu ginen oso argi eduki gabe non zegoen gure maila, zer egin genezaken sailkapen egunean eta gero emaitzak animo handia eman zigun. Entrenamenduetan hori komentatzen genuen, ostegunean geneukan gogoarekin estropada ona egin bagenun, igandean beste horrenbeste egin behar genuela. Eta hori igarri zen Kontxako lehen saioan.

-Igandean estropada gozatzeko modukoa izango zen, Cabo bezalako oilarra atzetik ikusteak indarrak emango ditu ezta?

-Estropadan Izarok ez digu albora begiratzen uzten (dio Leirek) baino joaterakoan ikusi genuen Donostiako ontzia atzean geratzen zela eta ziabogan aurretik egon arren Cabokoak, begiratu gabe jarraitu genuen, ez genuen uzte atzetik geratzerik izango zutenik galiziarrak baino gero Izarok esan zigun aurrea hartzen geniola eta gogo gehiagorekin ekin genion estropada amaierari. Oso pozgarria izan zen denontzat horrela bukatzea.

-Zuen lehenengo helburua Arraun Lagunak atzean ustea zen eta nahiko azkar hartu zenioten aurrea, horrek lasaitasuna ematen du?

-Denok garbi geneukan gure helburua Arraun Lagunaken aurretik geratzea zela, bosgarren postua borrokatzea. Eta ikusi genuenean aurretik ginela eta gainera amaieran Cabori ere aurrea hartzen geniola izugarria izan zen, ezin genuen sinetsi. Helburua baino gehiago lortzen genuen. Txanda nagusian sartzea izugarria izan da eta denontzat izugarrizko poza.

-Eta biharko estropadarako, ze asmo, ze itxaropen dituzue?

-Igande honetan ere gogoa izango dugu eta laugarren postua manten-tzen badugu oso emaitza ona izango litzateke. Ikusi dugu ahal dugula eta saiatuko gara mantentzen. Brankaz eutsiko diegu gure txandako hiru ontziei, oso urruti ez dira ibiliko, segundo gehiegi ateratzen ez badizkigute hor egingo gara, Jakin badakigu gu baino hobeak direla, maila altuagoan daudela baino saiatuko gera mantentzen.

-Biharkoa zuentzat azken finean erlojupeko bat izango da ezta?

-Bai, hiru traineruak, San Juan, Hibaika eta Orio, aurretik joango dira eta gure lana erlojupekoa bat izango da beste askotan gertatu den bezala. Lehenengo txandako denborak izango dira gure erreferentzia eta hori hobetzen saiatu behar gera.

-Atzera begiratuz, denboraldi hasierara jo eta orduko helburua EuskoTren ligan sartzea zela esan genezake?

-Helburutzat geneukan baino neguan ez dugu nahi bezala entrenatu, uretara txalupa ez da atera beste ontzi batzuetan ibili garelako, batelak adibidez eta osatu ezinik ibili ginen. Azkenean EuskoTren ligan ez sartzea ez zen kolpe handia izan, bagenekien zer zegoen. Gero Gipuzkoako ligan saiatu gera laugarren postua mantentzen baino azkenean Arraun Lagunakek aurrea hartu zigun eta orduan Kontxan donostiarren aurretik gelditzea jarri genuen helburu bezala. Azken aukera zen.

-Lehia polita izan duzue ligan Arraunekin?

-Bai, batzuetan gu nagusitzen ginen eta bestetan beraiek. Ibaian beraiek hobeak izan dira eta gu itsasoan. Azken estropadan donostiarrak nagusitu ondoren kezka sartu zitzaigun Kontxara begira, sailkapenean ez zeuden eta ez genekien nolako maila emango zuten badian.

-Kanpotik ikusita badirudi liga amaierako jaitsiera hori Kontxako prestaketa berezi baten ondorioa izan dela, horrela izan da?

-Askok esan digute hori. Baino ez da horrela izan. Denboraldi bukaera heldu denean dena ematera joan gera eta gauzak ondo atera zaizkigu, ez dugu ezer aurretik gorde. Gogoak eragin du bukaerako itxura on hori. Entrenamenduetan igartzen zen denak kontzentratuta geundela eta amaiera ona eman nahi geniola aurtengoari.

-Beno Leire, zu zaharragoa zara baino Izaro patroi eta hori gero etxean nabarmentzen ahal da, agintzeko joera hori mantentzen al du?

-Etxean biok gara ahizpak eta berdinak gara baina uretan errespeta-tzen dut, ontzian berak agindutakoa egin behar dugu denok. Gure eztabaidak izaten ditugu baina ondo moldatzen gara, bai etxean eta baita uretan ere.

-Izaro zuk ontzian ikusten baduzu amaitzear zaudetela eta dena eman arren atzetik beste traineru bat datorrela indartsu, nola anima-tzen dituzu azken saiakera egitera bultzatzeko?

-Azkenean hori da zaila. Nik hasieran beti esaten diet «neskak gu gure traineruan zentratuta joan behar gara» eta aldamenekoari begira norbait ikusten badut bronka sartzen diot. Beti badago norbait ondora begira eta holakotan bere izena esaten dut eta beraiek buruarekin baiezkoa egiten didate. Hitz klabeak ere baditugu eta egoera batean zerbait eskatzen diezunean handik edo hemendik ateratzen dituzte indarrak. Bat nekatuta ikusten baduzu bere izena esan eta motibatu egiten da. Azkenena barru barrutik indar hori ateratzen dute.

-Eta, zer dela eta aukeratu zenuten bi ahizpak arrauna?

-Txikitatik (dio Leirek), DBHra joatean lagun talde batek arraunean sartzea erabaki genuen eta horrela hasi ginen. Hasieran bateletan patroi ibili nintzen eta gero traineruan sartzean arraunlari jarri nintzen. Izaro geroago hasi zen, etxean beti arraun giroa izan dugu.

-Bukatzeko, biharko estropadara begira zein da zuen pentsamendua?

-Gure helburua bete dugula, eta baita pasa ere. Saiatuko gara laugarren postua mantentzen. Dena den azken estropada izango da eta sentsazio onekin amaitu nahi genuke, gustura bukatu. Ligan ez genuen oso gustura bukatu eta orain aukera ona daukagu primeran ixteko denboraldia. Erakutsi nahi dugu zer egiteko gai garen eta dena emango dugu azken saio honetan.