Diario Vasco

Mutriku Suedian jokatuko den munduko sokatira txapelketan izango da

Bihartik igandea bitarte, hilaren 8, 9, 10 eta 11n Suediako Malmö hirian ospatuko den Munduko Sokatira Txapelketan parte hartuko du Mutriku Sokatira Taldeko ordezkaritzak. Bizkaiko Gaztedi eta Goiherri taldekoekin batera osatutako 86 laguneko ordezkaritza atzo abiatu zen Suedia aldera tokira moldatzeko eta gaur asteazkena egingo da pisaketa, bihar eta etzi tiraldiak izango dituztelarik kluben artean.

Mutrikuarrak oraingoan, gizonezkoen 580 eta 640 kiloko mailetan parte hartuko dute, lehenak bihar eguerdiko 13:00etan eta bigarrenak ostiralean eguerdiko 13:00etan baita. Horrez gain emakumezkoen 500 kiloko mailan eta 600 kiloko mistoen mailan Gaztedi taldea osatuz arituko dira mutrikuarren batzuk. 27 herrialde desberdinetako taldeekin batera arituko da baita 'Basque Country' Euskadiko selekzioa larunbata eta igandean, eta bertako gizonezkoen 700 kiloko taldean arituko dira Jabier Urreisti eta Patxi Ituarte tiratzaile mutrikuarrak. Hurrengo igandea eta astelehena bitartean itzuliko diren kirolariak, lorpenen bat eginda bueltatu nahi dute, sorte apur bat izaten badute behinik behin.

VII. Arno traila

Ostiralean hasi eta aste osoan zehar festa egitarau desberdinak tarteko giro aparta dator herrian. Festa ezik kirola ere izango da ordea, eta horren lekuko, igandean, hilaren 11n, Galbaixo gainean jokatuko den VII. Arno Trail Sprint Race froga. Froga goizeko 11:00etan ospatuko da eta dagoeneko izena emateko epea irekia dago www.herrikrosa.eus web orrian, edo eta bestela, egunean bertan goizeko 9:30etik aurrera Galbaixon bertan. Frogaren luzaera 7,56 kilometrokoa izango da eta desnibel metatua 1.146 metrokoa. Izena ematerakoan, federatuak 12 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuak 15 euro. Sariak ere politak dira; gizonezko zein emakumezkoetan, txapela eta 100 euroko saria eskuratuko bai zaizkie, bigarrenari 60 euro eta hirugarrenari 40 euro. Beterano onenak zein mutrikuar onenak txakolin kit-a izango dute gizon zein emakumezkoetan, eta gero helduko da festa; izan ere partaide guztien artean hainbat afari, egonaldi, zirkuito eta opari zotz egingo baitituzte.