1939ko Bandera palmares ofizialean

DV ORIO.

Donostia Kulturak, bere festen atalean, Kontxako Banderaren irabazleen rankina argitaratu du, gizonezkoen artean. Sailkapen horren arabera, Oriok 31 Kontxako Bandera eskuratu ditu historian zehar, 1939koa barne delarik. Ondorioz, Orioko Arraun Elkartea dago aurrenengo postuan, bandera gehien eskuratu dituen kluba delarik. 1939ko Bandera, beraz, Orio Arraun taldearena dela erabaki da eta horrela agertzen da argitaratutako palmares ofizialean.

Aurrenengo Kontxako Bandera 1901ean eskuratu zuen Orioko Arraun Elkarteak, eta azkena, berriz, 2007. urtean. Tartean, beste 29 garaipen izan dira.

Gizonezkoen sailkapen orokor horretan, bigarren postuan Pasai San Pedro aurkitzen da (15 banderekin) eta hirugarren, Donostia (14 garaipenekin). Datu guztiak ikusgai daude Donostia Kulturaren web orrialdean.

Neskak, hirugarren

Orioko neskak hirugarren postuan amaitu zuten Donostiako Urumea ibaian jokatu zen Gipuzkoako Ligako Estropadan. Lehenengo postuan Hibaikako txalupa iritsi zen eta, bigarrenean, berriz, San Juango neskak.

Estropada zaila izan zen, eguraldia txarra baitzen eta ibaian ez zegoen ur nahikorik arraunean eroso egiteko, ziabogak egitea asko kostatu zitzaielarik Orio Babyautoko neskei.

Dagoeneko, Liga bukatzeko bi estropada besterik ez dira gera-tzen, Zarauzko saioa izango da hurrengoa.

Fotos

Vídeos