1917ko Kontxako estropadan Getaria ere lehian izan zela jakitera eman dute

Untzi Museoak eta Aquariumek, El Diario Vascoren lankidetzarekin Ciaboga aldizkaria berreskuratu dute

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Untzi Museoak, Donostiako Aquariumek eta El Diario Vasco egunkariak Ciaboga arraun aldizkari historikoa argitaratu dute 1917ko Donostiako Estropada oinarri hartuta eta atzokoan egunkariko aleekin batera banatu zen irakurleen artean. Ikerketa lanean aritu diren historialariak ohartu dira duela mende bateko estropada horretan Getariako traineruak ere parte hartu zuela. Xabier Alberdi historialari zarauztarra da Untzi Museoko Ikerketa Zuzendaria, eta berak landu du gaia.

Jatorrizko Ciaboga aldizkaria 1924an argitaratu zen lehenengo aldiz, eta bertan urtero-urtero Donostiako Estropadetako saridunen zerrenda argitaratzen zen eta 1917ko estropadaren berri ere eman zuten. Alberdik bere ikerlanaren ondorioz zera jakin ahal izan du «datuak biltzerakoan akats bat izan zuten. Estropada hura jokatu zuten traineruak zein izan ziren zehazterakoan, Getaria aipatzea ahaztu egin zitzaien, eta 1917ko estropadan hiru parte hartzaile izan zirela uste izan da orain arte, Pasai San Pedro eta San Juan eta Donostia». Akats hori ondoren argitaratutako Ciaboga aldizkari guztietan errepikatu zuten. Ondoren Kontxako Estropadak ikertu dituzten historialariek Ciaboga aldizkaria erabili dute informazio iturri moduan, eta akatsa errepikatzen joan dira.

Beste iturriak

Galduta zegoen datu hau Xabier Alberdi historialariak kaleratu du ikerketaren ondoren

Historialariak oraingoan, egunkari zaharrak kontsultatu ondoren, ziurtatu dute Getariako trainerua ere bertan izan zela. Gertaera hartatik abiatuta, estropadaren berri emateaz gain, bitxikeriak, bertsoak, artikulu zaharrak eta antzekoak berreskuratu dituzte. Horrela, Ciaboga aldizkariaren zenbaki berri bat osatu dute, eta atzo banatu zuten. Aldizkariak 16 orrialde ditu eta datozen urteetan ere argitaratzeko asmoa dago. Izan ere, garai batean urtero kaleratzen zen Ciaboga aldizkaria, Kontxako estropaden garaia heltzen zenean.

Protagonistak

1917ko irailak 9 eta 16an lehiatu zen Kontxako traineruen estropada eta esan bezala Pasai San Pedro, San Juan eta Donostiaz gain Getaria ere bertan izan zen. Ciaboga aldizkarian azaltzen dira gainera egun horietan Elcano izena zeraman traineruan arraunean ibili ziren getariarren izenak eta jakitera ematen da baita on-tzia Getarian egina zela.

Patroi lanetan, Bartolome Uranga izan zuten eta arraunlarien zerrenda honako hauek osatzen zuten; Sebastian Ulacia, Sebastian Iribar, Juan Aranguren, Cristobal basurto, Quirino Uranga, Segundo Uranga, Pelegrin Agote, Castor Azcue, Pelayo Azcue, Elias Garmendia, Aniceto Zumeta, Julian Ulacia eta Luis Galdos. Ordezko bezala azaltzen da patroi moduan Aniceto Zumeta eta ordezko arraunlari bezala Manuel Gorostiaga, Jose Domingo Aizpuru eta Celedonio Aranguren.

Ciaboga aldizkaria

Ciaboga aldizkaria 1924an sortu zen, eta ia 40 urtez argitaratu zen, 1935etik 1942ra izan ezik. Edukiak beti izan ziren estropadei buruzkoak. Hirugarren aldiz editatu zen 1992an, baina iraupen laburra izan zuen.

Temas

Getaria

Fotos

Vídeos