Sagarraren Jaia ospatuko da gaur Foru plazan, programazio oparoarekin

DV ASTIGARRAGA.

Sagar Uztak hamazazpigarren edizioa beteko du aurten, eta urteroko moduan, sagardotegietako dolareetako lanen hasiera ospatuko du, azarora bitartean luzatuko den lana. Sagar Uzta jaiaren jarduera nagusiak egun hauetan ospatzen ari dira sagarraren eta sagardoaren kulturan oinarrituriko jarduera ugarirekin.

Gaur, hain zuzen, Sagarraren Jaia izango da Foru enparantzan. Goizean, 9:30ean hasita, Musika Eskolako txistu ikasleen eta Txirriskla Txistulari Taldearen diana egongo da. Gainera, 10:30etik 12:00etara bitartaen sagar postre lehiaketa burutuko da -frontoian entregatu behar dira postreak- eta ordutegi berean, X. Sagar Uzta Argazki Rally Digitala egingo da.

Goiz guztian zehar sagarraren azoka, erakusketa, dastaketa eta salmenta, sagardo eta muztio dastaketa, saski, txertaketa, etab.-en erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta eta trikitilarien emanaldian, herrian zehar, izango dira. Gainera, 11:00etan, muztioaren elaborazioa egingo da eta 12:30ean, Sagar dantza eta kirikoketa. Eguna ondo bukatzeko, 13:00etan, txalaparta eta 2017 uztako lehen muztioaren topa herrikoia.

AEK

Bestalde, euskaraz ikasteko matrikulazio kanpainaren barruan, pasa den ikasturtean euskaltegian aritu ziren ikasle eta irakasleei ateratako argazkien erakusketa gaur amai-tzen da Ikatza, Zipotza, Ibai-Lur, Ekaitz, Txiki eta Sagartxo tabernetan. Astigarragako AEK euskaltegiak jarri zuen martxan hilaren hasieran eta, era horretan, «herritarrak animatu nahi dira euskara ikastera eta, aldi berean, euskaltegiko giro ezin hobea ezagutzera».

Galtzaur

Galtzaurreko jubilatuek Elvillar de la Guardia bodegetara irteera antolatua dute urriaren 28rako. Joan nahi duenak, izena emateko zita datorren urrian izango du, 2, 3 eta 4ean, 9:30etatik 12:00etara, Galtzaurren bulegoan.

Fotos

Vídeos