Hizkuntza-ohiturak alda daitezkeela frogatu du Euskararen 9. Maratoiak

Hizkuntza-ohiturak alda daitezkeela frogatu du Euskararen 9. Maratoiak

Pello Jauregi EHUko irakasleak egindako ikerketaren emaitzak biltzen dituen liburua argitaratu dute Udalak eta Foru Aldundiak

DVLASARTE-ORIA.

2016an Euskararen 9. Maratoiaren inguruan egindako 'Baietz 40 egun euskaraz!' herri-erronkan ia 2.000 herritarrek parte hartu zuten. Parte-hartze hori ahobizi edota belarriprest modura jardunez egin zuten eta, erronkan parte hartzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu eta EHUko irakasle eta ikertzaile den Pello Jauregik gidatutako ikerketa egiteko balio izan zuen.

Ikerketaren emaitzak, izen bereko liburuan jaso ditu irakasleak eta Udalak argitaratu egin du, erronka amaitu zela urtebete bete den egun berean, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Ikerketaren oinarria belarriprestek eta ahobiziek bete zituzten galdetegiak eta, batez ere, sei txanda aldaketetan ahobiziek idatzi zituzten esperientziak, testigantzak, dira. Ondorioz, badira emaitza kuantitatiboak eta kualitatiboak ere bai.

Kuantitatiboen artean, aipagarriena zera izan da: ahobiziek erronkaren aurretik definitu zituzten harremanetatik %62,4 ziren euskaraz eta erronkaren astea amaitutakoan %83,8 izatera pasa ziren. Erronka amaitu eta hiru hilabetera berriz galdetu zitzaien ahobiziei harreman horien hizkuntzaz eta %81,3 euskaraz zirela ondorioztatu da. Beraz, astebetean ahobizi horien euskarazko harremanek 21,4 puntu egin zuten gora eta hiru hilabetera ia maila berean eutsi zitzaien.

Ondorio kualitatiboen artean daude, adibidez, parte-hartzaileek esperientziari emandako ikaragarrizko balorazio ona; askorentzat izan zuen eragina euren gogo lokartua esnarazteko; uste ez zuten hainbat hizkuntza-ohiturez konturatzeko emandako aukera; txaparen erabilerak izandako indarra eta abar.

Herritarrek emandako testigantzetatik atera zen baita ere jarduerari jarraipena emateko eta beste herrietara zabaltzeko proposamena.

Beste herri batzuetan egindako antzeko esperientziak tarteko eta bereziki Lasarte-Orian egindako ikerketaren emaitzek hauspotuta, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak antzeko esperientzia bat Euskal Herri osoan eta aldi berean egitea adostu dute Euskaraldia izenburupean.

Ikerketaz gain, ordea, Lasarte-Oriako esperientzian sortutako ahobizi eta belarriprest rolak izango dira baita ere datorren urtean, hala erabakitzen duten herri eta erakunde guztietan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, egingo den '11 egun euskaraz' Euskaraldian parte hartzeko herritarrek izango dituzten aukerak.

Lasarte-Oriako Udaleko eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariek, herriko euskalgintza guztiarekin batera, adierazi dute iaz egindakoaz eta horrek datorren urterako sortu duen olatuaz harro daudela oso eta pentsatzen hasita daudela herrian ere 2018an Euskaraldian zer eta nola egin daitekeen. Iaz bezala datorren urtean ere, helburua herritarron arteko hizkuntza-ohiturei astindu berri bat ematea izango da, modu kolektiboan eta parte-hartzailean.

Hori guztia, aztergai izan zen pasa den ostiralean egindako LasarteTop, Lasarte-Oriako euskalgintzaren topaketetan. Bertan parte hartu zuten herriko euskalgintzaren ordezkariek aukera izan zuten Pello Jauregiren liburuaren aurkezpena entzuteko. Ondoren, datorren urterako egitasmoa mamitzen hasteko proposamenen lanketari heldu zioten. Liburua eskuratzeko interesa duenak, Udaleko euskara-zerbitzuan eskura dezake (943376184).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos