Bertsoa eta antzerkia uztartu ziren joan den larunbatean Kultur Etxean

Egaña, Lujanbio eta Labaka bertsolariak, Mailu Arruti, Ane Huizi eta Miren Egizabalen esanetara. /  TXEMA
Egaña, Lujanbio eta Labaka bertsolariak, Mailu Arruti, Ane Huizi eta Miren Egizabalen esanetara. / TXEMA

'Keinutik puntura' saioak ondo baino hobeto bete zituen ikusleen aurreikuspenak

TXEMA VALLÉS LASARTE-ORIA.

Joan den larunbatean, gaueko hamar eta erdietan hasita, azken urteotan ohikoa bilakatu den Udaberriko saioa egin zen Manuel Lekuona kultur-etxean, Ttakun eta Bertso-eskolaren eskutik. Jakina den moduan, azken urteotan kultur munduko arlo bat aukeratu, eta hori bertsoarekin uztartzeko ahalegina egin izan da. Besteak beste, literatura, bakarrizketak, dantza, umorea, trikitixa eta abar, izan dira landutako gaiak, betiere Lasarte-Oriako eragileen eskutik; hau da, herrikoak izan dira oholtzaratu diren artistak. Horiekin batera, bertsolariak dira saio hauetan izar nagusiak. Punta-puntako bertsolariak. Joan den larunbateko saioan aurkezpenik behar ez duten Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka herritarra aritu ziren bat-batean kantuan. Azken horri, egunetik egunera, gutxiago nabari- tzen zaio Euskal Herriko bertsolaritzak historian eman duen bi izen handienetakoekin ari dela kantuan, ez baitu bi horiekin berdinetik berdinera aritzeko inolako zailtasunik, ez erritmoan ezta gaien trataeran ere.

Ia betea zegoen kultur-etxeko beheko solairua. Gogotik gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, bai bertsoekin, eta baita oholtzaratutako herriko aktoreek eskainitako lanarekin. Kukuka taldeko gaztetxoek eman zioten hasiera saioari, eta aipatzekoa izan zen erakutsi zuten patxada eta gaitasuna, barre-algara handiak eraginez ikusleen artean. Betsoaldiei dagokionez, oso maila altuan hasi zen saioa, Andonik eta Anek sekulako aleak utzi baitzituzten Cupidoren geziak zirela-eta, era magistralean bibibildutako jardunean. Uxue Loinaz Urruzola aritu zen gai-jartzaile lanetan, primeran uztartuz antzezleek eginikoa, bertsolariei eskatu nahi zienarekin. Era eta molde guzietako bertsoak entzun ahal izan ziren, baita horien artean ikusleen memorian gordeko direnak ere. Aipatzekoa da, Udaberriko saio hauetan lehen aldiz, 'kartzelako lana' ere izan genuela. Hau da, hiru bertsolariei lan bera eskatu zitzaien, Kukuka taldeko helduek hiru bider, antzeztuz, gaia aurkeztu ondoren. Hausnarketa sakonak entzuteko parada izan zen bertsolarien ahotik saio honetan.

Antzerkilariak kantuan ere

Kukukako aktoreez gain, Intza Alkainek lan aparta egin zuen bakarka jardunda, ikusleentzat oso gertutakoak ziren kontuak aipatuz. Ane Huizik, Miren Egizabalek eta Mailu Arrutik, berriz, ohikoa duten eran, barre-algaraka jarri zituzten ikusleak, bat-batean inork espero gabe kantuan jardun zirenean, eta baita ondoren eginiko esketx laburrean ere.

Antzerkilariei dagokionez, amai-tzeko, azken bolada honetan Euskal Herri osoan gero eta ezagunago bilakatu den Bea Egizabalek zapaldu zuen oholtza. Komunikazio teknikak primeran menderatzen dituela argi eta garbi geratu zen, berehala konektatu baitzuen ikusleekin, umorez, gertutasunez eta goxotasunez bertaratutako guztiak poltsikoratuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos