Diario Vasco

Baietz 40 egun euskaraz! erronkak ibilbidearen erdia egina du

Hirugarren eta laugarren txandako kideak errelebo aldaketan Sasoetako gimnasioan.
Hirugarren eta laugarren txandako kideak errelebo aldaketan Sasoetako gimnasioan. / TXEMA
  • Ostiralero jendetza biltzen ari da aste bakoitzeko lekukoaren aldaketa egitera

Aurreikusita zegoen bezala, ostiralero, 18:00etan, Sasoeta ikastetxean biltzen dira bukatzera doazen eta hastera doazen astea egokitu zaien Ahobiziak. Lehena eta 2. astekoek egin dituzte dagozkien bi asteak eta pasa den ostiralean abian jarri ziren 3. astekoak. Gaurko deituta daude 3. astea bukatzera doazenak eta 4.a hastera doazenak.

957 Ahobizi eta 1.919 Belarriprest. Bistan dira kalean ikusten diren Belarriprest txapa guztiak. Hartutako konpromisoari eutsiz, jende askok darama paparrean Belarriprest txapa. Are gehiago, jende artean hizpidea ematen ari da parez pare txapadun bat ikusteak sortarazten duen afinitate linguistikoa eta batak besteari euskaraz egiteko sortarazten duen efektua, erronkaren helburuari, euskarazko hizkuntza-ohiturak sustatzeari alegia, bultzada emanez.

Hori Belarriprest txaparekin gertatzen ari baldin bada, Ahobizien kasuan, ostiralero saio motz eta aldi berean bizia egiten ari da. Ahobizi guztiak daude banatuta erronkak irauten duen sei asteetakoren batean. Lehen txanda edo astea Euskararen 9. Maratoiaren asteburuan hasi zen eta 1. txandako Ahobiziek saio bat izan zuten astea hasi aurretik eta beste saioa astea bukatu ondoren.

Eskema hori ostiralero errepikatzen ari da eta jende asko gerturatzen ari da saioetara. Saio horietan, bertaratuak taldeetan banatzen dira lehendabizi, erronkaren nondik-norakoak argitzen dira, ikerketarako galdetegi bat osatzen da eta bukaeran guztiak biltzen dituen ekintza bat egiten da, astea bukatu dutenen esperientzia eta hastera doazenen asmoei bide emanez. Astea bukatu dutenek, erronkaren esperientzia jasotzen dute horretarako prestatutako koadernoetan. Amaierako ekintzan zortzikoteko kideak ari dira parte hartzen.

Ohikoa da jendartean entzutea aurtengo Maratoia borobila izan dela eta asteburu ahaztezina izan dela. Antolatzaileak balorazioak egiten ari dira, baina aurreratu digute aspektu guztietan izan dela bikaina aurtengoa. Azpiegitura, jatorduak, komunikazioa, zortzikotea, programazioa, giroa..., dena. Eta batez ere, jendearen parte-hartzea.

Aurtengoari, ordea, 40 orduko jaiari 40 egunetako erronka gehitu zaio. Maratoian bertan jende askok eman zuen izena erronkan parte hartzeko eta antolatzaileek aurreratu egin digute jendea oso serio hartzen ari dela hartutako konpromisoa, bai Belarriprest txapa jartzerakoan, bai Ahobiziak saioetara azaltzerakoan ere.

Abenduaren 3a

Aste honekin ibilbidearen erdia osatuko da. 4., 5. eta 6. asteak falta dira eta jendea gogotsu azaltzen ari da erronkari eusteko. Belarriprest modura aritu nahiko lukeenak oraindik ere aukera badu, Ttakunera edo Udalera bertaratu eta izena eman eta txapa jaso besterik ez du egin behar. Erronka abenduaren 3an amaituko da. Hori dela eta, hitzordu bat prestatzen ari da ibilbidea egindako guztiak bildu eta erronkaren emaitza jakinarazteko eta egindakoaz gozatzeko. Bitartean, antolakuntzatik adierazi dute Ahobizi guztiak euren konpromisoak eustera eta lekukoa aldatzeko saioetara joatera animatu nahi dituztela eta Belarriprestei euren txapa paseatzera ateratzeko dei egiten dietela.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate