Diario Vasco

Jende ugari Euskararen Maratoiaren lehen egunean

Zortzikotea osatzen dutenak, herriko gaztetxoekin oholtzan.
Zortzikotea osatzen dutenak, herriko gaztetxoekin oholtzan.
  • Ia herriko elkarte guztiek hartu zuten parte era batera zein bestera

Eguzkiak ere ez zuen galdu nahi izan atzo goizean Euskararen Maratoiaren hasiera. Alkatea eta zinegotzi guztiak bertan ziren 40 orduko erronka martxan jarri zenean. Goizean zehar herriko haurrak izan ziren protagonista, Desfile Olinpikoa ere izan zutelarik. Bazkaria jendetsua izan zen, eta bertan, atzo iragarri genuen moduan, nazioarteko ordezkariak izan ziren, gure herriari aitortzeko mundu mailako hiriburutza kultura eta hizkuntza arloan.

Ustekabea gertatu zen herrian, Lasarte-Oriako suhiltzaileak agertu zirenean, Kale Nagusiko balkoi batean antzeman baitzuten listor asiatikoen habia. Asko kostata, baina azkenean lortu zuten menderatzea.

Arratsaldean, berriz, herriko pailazo taldea izan zen ikusle kopuru handien erakarri ahal izan zuena. Porrotx, Pirritx eta Mari Mototsekin batera, Takolo ere oholtzan zegoen, aspaldiko partez. Emanaldi horretan, herriko hainbat elkartek hartu zuten aktiboki parte. Amaiera aldera sorpresa ere izan zen bertan, inork ere espero izan gabe Olentzero bera agertu baitzen, Lasarte-Oriari laguntza eman nahian Maratoian, eta bereziki gaur bertan abian jarriko den Aho-bizi et Belarriprest izenpean erronka berrian. Hau da, Maratoiaren 40 orduak amaitu ondoren, 40 eguneko erronka izango dugu, non ia bi mila herritarr euskararen presentzia bermatzen ahaleginduko diren, bai euskal hiztun zein entzule gisa.

Pailazoen ondotik, ginkana, desfilea eta beste zenbait ikuskizun eskaini ziren, baita Sorgin dantza erraldoia ere. 9ak eta erdietan Sorgin afariaz dastatu ahal izan zuten Okendo plazako aulki guztiak bete zituztenek. Eta jarraian, Sorgin gau magikoari eman zioten hasiera.

Gaurko egitaraua

Gaueko hamabietan amaituko da dena, eta hau da gaurko egunerako prestatua duten egitaraua: 8.20: Diana. 8.40: Buruntzaldeko ibilbideen hasiera. 9.15: Txekorra erretzen eta erre behar ez diren babarrunen lehiaketa hastera doa. 9.25: Gosari anitza eta Diafreoa. 10.20: Eskulanen tailerra. 10.30: Ttirriki ttarrakaren erromeria. 11.05: Famili-kantujira Xumela eta Albokarekin. 11.20: Ipar martxaren sinkroa. 12.15: Telleriatarrak harria jasotzen. 14.30: Bazkaria. Babarrun jana. 15.05: Bazkaloste ai!-ze-tsunamia! 16.45: Oaintxe in deu txaranga eta buruhandiak. 17.15: Lau urte hauetan jaiotako haurrei ongi etorria! 18.15: Txulalai erraldoia, plaza-dantza eta muxikoak. 19.45: Baietz 40 egun euskaraz! 1. asteko Ahobiziak! 21.00: Txekor Afaria. 21.25: Acroyoga saioa eta Suberriren emanaldia. 21.45: EuskOskarren gaua!!! 22.45: Alboka, Erketz eta Zero Setteren emanaldia. 23.35: Amaierako ekitaldia.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate