20 hobekuntza, Eskola Agenda 21ean

Agenda 21 programaren barruan, Astigarragako mugikortasun arazoak eta energiaren erabilera aztertu dituzte Herri Eskolako ikasleek.
Agenda 21 programaren barruan, Astigarragako mugikortasun arazoak eta energiaren erabilera aztertu dituzte Herri Eskolako ikasleek. / MARÍA CORTES

Hobekuntzak proposatzeaz gain, ikasleen foroan beste hainbat konpromiso adostu zituztenIkasleen ordezkariek aurkeztu zituzten Udaletxeko Pleno aretoan

MARÍA CORTÉS ASTIGARRAGA.

Ikasturtea amaitu baino lehenago, Eskola Agenda 21 proiektuaren deiari kasu eginez, udaletxeko Pleno aretoan bildu ziren herriko ikasleen ordezkariak, Zorione Etxezarraga alkateari eta Ramon Aranzasti zinegotziari beren proposamenak luzatzeko. Oraingo honetan, Energia eta Mugikortasuna II gaia landu dute pasa den ikasturtean.

Honela, Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako sei mailetako ordezkariak Eskola Agenda 21 programaren bueltan landu dituzten proposamenen berri eman zieten, herriko mugikortasun baliabideak hobetzeko helburuarekin.

«Eskolan eta herri mailan landu dugu, eta horretarako hainbat jarduera egin ditugu. Eskolan gaiari lotutako ikusentzunezkoak ikusi ditugu eta tailertxoak egin ditugu. Herriko egoera zehazteko, aldiz, zenbait jarduera egin ditugu: lehen hezkuntzako aurreneko bi mailetako ikasleek mugikortasunari buruzko galderak egin dituzte etxean; 3. eta 4. mailetakoek, mugikortasun arazoak dituztenen azalean jarrita aztertu dituzte herriko kaleak; eta 5. eta 6. mailetakoek, mugikortasun arauak betetzen ote diren ikertu dute», adierazi zuten Herri Eskolatik.

Guztiarekin, ikusi zuten «Udalak herriko mugikortasuna hobe-tzeko neurri ugari hartu dituela azken urteetan», baina «oraindik badagoela zer hobetu eta lanean jarraitu behar da horretarako», zioten ikasleek.

Horregatik, «mugikortasun seguru, arduratsu eta jasangarri baten alde» egiteko proposamenak aurkeztu eta txostena helarazi zieten Udal ordezkariei. Besteak beste, ikusmen edota mugikortasun arazoak dituztenei laguntzeko neurriak, argiztapena hobetzeko aholkuak, edota oinezkoen eta kotxeen arteko oreka bilatzeko proposamenak bildu zituzten.

Alkateak eskerrak eman zizkien egindako lanarengatik, eta etxerako lanak jarri zituen: «gureak, zuen proposamenei erantzutea izango da, eta zuenak, guk betetzen ote ditugun ikustea».

Ikasleen konpromisoa

Hobekuntzak proposatzeaz gain, «guk ere mugikortasun seguru, arduratsu eta jasangarri baten alde egingo dugu. Hori dela eta, foroan gure konpromisoak adostu genituen, besteak beste, mugikortasun zailtasunak dituztenei zebrabidea zeharkatzen ea laguntzerik nahi duten galdetu; kalean aiton-amonaren batek mugitzeko laguntza behar badu, lagundu; autobusean goazenean, beraientzat jarritako lekuak errespetatu eta jolas garaian, beraiekin ere jolastuko gara. Bestalde, bizikletaz gabiltzanean, errespetuz ibiliko gara; kaskoa jantzita ibiliko gara eta txirrina erabiliko dugu; argi gutxi dagoenean, elementu distiratzaileak erabiliko ditugu; eskuaz mugimendu oro seinaleztatuko dugu eta ez gara musika kaskoak jantzita edo mugikorrarekin ibiliko. Eta azkenik, mugikortasun jasangarri baten alde egiteko, inguruko edo herriko denda txikietan egingo ditugu erosketak; autoa ahalik eta gutxien erabiliko dugu, eta erabiltzeko beharra izanez gero, eserleku adina lagunez betetzen saiatuko gara; oinez eta bizikletaz ahalik eta gehien ibiliko gara; kalean galtzen garenean ikasitako trikimailuak martxan jarriko ditugu, adibidez: etxekoen telefono zenbakia buruz ikasiko dugu, lekuan bertan itxarongo dugu eta etxekoak ez badatoz, udaltzainarengana joko dugu laguntza eske...».

Fotos

Vídeos