Ospakizun festarekin batera, Gaztelekuak ikasturte berria hasiko du

Datorren asteko asteartean, hilak 19, gazte festa antolatu da bertan 17:00etan

DV HERNANI.

Hernaniko Gaztelekuak ikasturte berriari ekingo dio datorren asteartean, hilak 19. Gaztelekua 12-17 urte bitarteko gazteentzako udal zerbitzu bat da, nerabeak aisialdian elkartzeko gune bat, parte-hartzailea eta sormena lantzeko aukera ematen duena.

Hezitzaileek lagunduta, gazteei aisialdiaz gozatzeko aukera eskain-tzen die eta, gainera, doakoa da. Hernanikoa Gipuzkoako Gaztelekuen Sarearen barruan dago.

«Adin tarte horretako hernaniar guztiek jasoko dute etxean zerbitzu horren inguruko informazioa ematen duen eskuorria», adierazi dute Udaletik.

Hilabete honetarako egitarauari dagokionez, asteartean, hilak 19, arratsaldeko 17:00etan, gazte festa antolatu da. Aste horretan bertan, ostiralean, 17:30ean, ping-pong txapelketan parte hartzeko aukera egongo da. Hilaren 30ean, 17:30ean, sukaldaritza saioa (txokolatezko fondue) eta 26tik 28ra, 17:00etatik 20:00etara gurasoentzako ate irekiak egingo dira Gaztelekuko dinamika ezagutzeko.

Datorren hilabetera begira, Urrian hain zuzen, ikuslearen eguna antolatu dute, hilak 8an, 17:30ean, 'Pequeña Miss Sunshine' pelikularekin. Eta urriak 3, ordutegi horretan, wii-ra jolasteko aukera emango dute Gaztelekuan. Bukatzeko, urriak 20an, 17:30ean, futbol txapelketa, Latsunben eta 28an, 17:30ean, sukaldaritza saio berria (napolitanak).

Zerbitzuaren informazioa

Informazio gehiago jasotzeko, nahi duenak Aristizabal kaletik pasa daiteke, asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta, ostiraletik igandera, berriz, 16:30etik 20:30era. Gainera, gaztelekua@hernani.eus helbidera idatzi, 943 333 212 telefonora deitu edo www.hernanikogaztetxokoa.blogspot.com bisitatuz.

Fotos

Vídeos