Kontzertu berezia eskainiko dute gaur Musika Eskolako txistulariek

HERNANI.

'Txistulariak arkupeetan' ekimenaren aurtengo azken kontzertua gaur eguerdian izango da, 12:30ean, udaletxeko arkupeetan. Musika Eskolako txistulari taldeak eskainiko du, Iñagi Egurenen zuzendaritzapean.

Kontzertu hau egitarau berezia izango du bi ospakizun direla eta: batetik, «Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu aurten, eta urte luze horietan txistuaren inguruan egin duen lan izugarria ekarri nahi izan dugu gogora, elkarte honen bi aldi berezitako partitura berezi bezain ezagunak berreskuratuaz: aurreneko garaietakoak (1927-1936) eta bigarren aldikoak (1955-1970)», eta bestetik, «ezin ahaztu gaur, San Frantzisko Xabier eguna eta Euskararen Eguna ere badela, eta horregatik, euskarari kantatzeko erabili izan diren doinu ezberdinak ere ekarriko ditugu kontzertura: Felipe Arrese-Beitiaren 'Euskera, oi euskera' bertso sonatuei Imanol Urbietak jarritako doinua, Xalbadorrek 'Herria eta hizkuntza' bertso sortarako erabili zuena, edo Oskorrik Beñat Etxepareren 'Sautrela'ri jarritakoa adibidez».

Eta gaurko kontzertua amaitzeko, Hernaniko lagun baten musika alaia entzungo da, hain zuzen, Kanariok, jatorriz, Incansables txarangarako asmatu zuen 'Koxori' eta 'Atzietako mendigoizaleak'. Doinu berekin entzungo dira, baina txistu talderako moldaketa egin du Kanariok berak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos