Inude eta artzainen konpartsa gaur aterako da herriko kaleetan zehar

Eguraldi txarragatik bertan behera gelditu zen eta gaur irtengo da Urumea ikastolako konpartsa

HERNANI.

Urumea ikastolak Inude eta Artzainen konpartsa antzeztuko du gaur Hernaniko kaleetan zehar. Inauteriei harrera emateko antolatu ohi da, baina aurten, eguraldi txarra medio, aste batzuk atzeratu eta gaur izango da hitzordua.

Konpartsaren irteera eguerdiko 11:45etan izango da eta Kaxkoko zenbait kale igaro ondoren, Gudarien Enparantzan antzeztuko dute ekitaldi nagusia. Bertan, garai batean bezala, elkarrekin dantza egin, eta eginbeharrak ondo eginda utziko dituzte: umeei txertoa jarri, agintariei berain izenak aurkeztu eta erregistratu. Azken arin-arina dantzatu ondoren, ikastolara itzuliko dira.

Konpartsa 170 bat umez osaturik dago, horien artean, 46 dantzari. Hauen aurretik garai bateko zenbait pertsonai ikus ahal izango dira: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagileak, erizainak, argazkilariak... Dantzari eta pertsonaiekin batera, txarangako musikariak ere arituko dira eta 50 bat ikaslek beren danbor-hotsekin lagunduko diete. Aurtengoa 25. edizioa izango da.

Ibilbidea

Irteera Urumea ikastolan (Gay Mur eraikina) izango da eta hortik: Sandiusterri, Elkano Kalea, Gudarien plaza, Andre kale, Plaza Berri, kale Nagusia, Zinkoenea, Txirrita kalea Izpizua kaleraino, Izpizua kalea, Urbieta kalea, kale Nagusira berriro eta Gudarien enparantzaraino. Bukatzeko, Elkano kaletik ikastolara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos