Hogeita bat taldek hartuko dute parte gaur hasiko diren Gazte Olinpiadetan

Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte gaurko. / MARÍA
Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte gaurko. / MARÍA

Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte taldeen aurkezpen egunerako, baina ekintzak ekainaren 16ra bitarte izango dira

MARÍA CORTÉS HERNANI.

Dena prest dago herriko gazteek suziria piztu eta belaunaldi berriko bosgarren Gazte Olinpiadei hasiera emateko. Gaurko 'zurekin, zuekin, gurekin' konta-tzen dute antolatzaileek, aurtengo Gazte Olinpiaden leloak dioen bezalaxe.

Pasa den otsailean ireki zuten izena emateko epea, eta martxoaren hasierara arte izan zen aukera apuntatzeko. Zenbaki polita elkartuko dira, 21 talde baitaude izena emanda aurten. Horiekin guztiek emango diete bostekoa aurten, hamarreko Gazte Olinpiadei.

Horien artean azkeneko bost edizioetan parte hartu duten taldeak eta guztiz berriak direnak aurkitu daitezke: Ardi Ibili, Xatorkeitan, Apatxeak, Karakolinpikoak, Joker Stars, Harrapazank, Air Max, Brugalkaba, Pabo Rangers, Hankazgora, Kanika, Partido Bundista, Fundamentuik Ez, Salda Parranda Ta Gero, Hortzak Estutu, Batorrela, Konfusioa, Pelotoia, Pizti Nago, Hernanii 5.0, eta Axeri Txiki Infernu Handi.

Beraz, gaur hasi eta ekainaren 16ra bitarte izango dira aurtengo Olinpiadak. Dena den, dagoeneko egin dituzte bi saio, Beroketa lanak deritzonak. Horiek, ordea, ez dute punturik eman, beraz, gaur arte ez da sailkapen ofiziala hasiko. Ordutik aurrera, astero izango da probaren bat, batzuetan larunbatetan izango da hori, eta beste batzuetan, aldiz, ostegun gauetan.

Hortaz, beroketa-lanak eginda datoz talde asko. Aurten, gainera, pare bat berrikuntzarekin: «aurreko edizioetan beroketa bezala mendi-irteera eta bertso-afaria egiten ziren, baina aurten aldatu nahi izan dugu», azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, «ideien ekaitza bat egin genuen», eta horren emaitza izan ziren aurreko asteetako bi jarduerak: afari mexikarra, hasteko, eta bazkaria eta jolasak.

«Jolasak egin genituen aprobetxatuz antolatzaileen artean daudela Kanika Aisialdi Taldeko kide batzuk. Helburua, azken finean, taldea egitea eta elkar ezagutzea Olinpiadak hasi aurretik», argitu zuten. Eta horregatik, hain zuzen, eskatu zuten talde guztien partaidetza.

Aurreneko arduradunak

Aurreneko bi probak antzekoak izan ohi dira ia urtero, «funtzionatzen» dutelako. Ohi bezala, taldeen aurkezpenarekin botako dute aurreneko suziria, Apatxeen eta Karakolinpikoen eskutik. Haiek izango dira, hain justu, aurreneko bi talde arduradunak.

Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte taldeen aurkezpen egunerako. Egun osoko proba izango da, goizeko 10:30etan hasita. Orduan, Tilosetan elkartuko dira talde guztiak eta paella bat egiteari ekingo diote. Berezitasun bat izango du, gainera: osagai sekretu bana banatuko zaio talde bakoitzari. Eguerdi aldera bilduko da epaimahaia, bere epaia emateko. Ondoren, bazkaldu egingo dute eta Opskarrak eta hasierako ekitaldia egingo dituzte bazkalostean. Bukatzeko, txaranga abiatuko da kaleak girotzen. Eta gaualdean hasiko dira kontzertuak: Bad Sound Sistem, Erokomeri eta talde sorpresa.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos