Denboraldiko bigarren banderaren bila aterako da Maialen trainerua

HERNANI.

Denboraldiko bigarren banderaren bila irtengo da Maialen trainerua asteburuan. Gipuzkoako Ligako jardunaldi ez puntuagarria izango da, Lekeition, gaur 12:00etan. Sei ontzi arituko dira lehian, bi txandatan: Lea Artibai, Castreña eta Portugalete (1. txanda); Donostiarra, Deustu eta Hernani (2. txanda). Euskotren Ligako ontziak faltako dira.

Asteartean eremu berean aritu zen traineru berdea, Euskadiko Txapelketan, eta bosgarren lekuan sailkatu zen, Euskotren ligako lau ontzien atzetik. Hain zuzen, joan den larunbatean, bere ibilbideko lehen bandera eskuratu zuen emakumeen traineruak, Pasaiako uretan: Madalenetako Ikurriña. Hirugarren udara betetzen ari da taldea, eta Gipuzkoako Ligan lortu zuen lehen garaipena, Donostiarraren aurretik sartuta. Hura ere jardunaldi ez puntuagarria izan zen, Euskotrenekoak falta baitziren. Hala ere, bandera zegoen jokoan, elegante askoa gainera.

Historia pixka bat

Hernaniko gizonezkoen traineruak astindu zituen bandera batzuk bere ibilbidean, bi hamarkadatan. Garailea izan zen 1977an, Pedreñan eta Astilleron; eta, 1994an, Pasaian eta Angelun. Horrela bada, 23 urte igaro dira traineruarekin garaipenik lortu gabe, baina, tartean, trainerurik uretaratu gabeko urteak ere izan dira. Azkenekoz, 2007an atera zuen Hernanik gizonezkoen trainerua; emakumeekin itzuli zen lehiara, 2015ean. Horrela bada, azken urteetan harrobian egindako lanaren ondorioz, emakumeen eskutik heldu da oraingoan garaipena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos