'Baietz Hernanin' lelopean hasiko da gaur Tilosetan Euskara Ari Du ekimena

DV HERNANI.

Hernanin euskarak koska bat gora egiteko helburuarekin, berriz ere, abian izango da 'Euskara Ari Du' ekimena. Aurreko urteko egitasmoak sortutako ilusioak animatuta, herritar talde batek ekimen berria bultzatzea erabaki du eta 2018 urte osorako erronka botako die herrikideei 'Baietz Hernanin' lelopean.

Gaur, Euskararen Egunaren bezperan, 12:30ean Tilosetan, ezagutzera emango da erronka. «Hizkuntza ohitura bat aldatzea proposatuko die hernaniarrei. Hau da, euskaraz aritzen ez diren bizitzaren esparrua aukeratu eta hizkuntzaz aldatzeko gonbitea egingo die. Norberak aukeratuko du zein esparrutan aritu euskaraz: lagunartean, senideekin, aisialdian, laneko kideekin, erosketak egiterakoan...», adierazi dute antolatzaileek. Gainera, «aldatutako hizkuntza ohitura denboran eustea izango da erronkaren beste ezaugarria. Hastear dagoen 'Euskara Ari Du' ekimen berriaren ezaugarria hori izango baita, ekimen iraunkorra izatea. 2018 urte guztian zehar luzatuko den».

Azaldu dutenez, «iaz bi hilabetez luzatu zen indar probak ehunka hernaniar bildu zituen 'Euskara Ari Du' ekimenean. Astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten guztiek, eta oso balorazio ona egin zioten ekimenari. Uste baino euskara gutxiago erabiltzen dugula, eta euskaraz hitz egiteko uste baino aukera gehiago dagoela konturatzeko aukera eman zuen iazko indar probak. Horrela bada, gaurtik aurrera, erronka berri bati heltzeko gonbitea izango da».

Gaurko ekitaldian taldeko argazki bat egingo da eta aurretik, sei hernaniarrek emango dituzte ekimenaren xehetasunak. Bitartean, Ainara Azpiazu 'Axpi'-k marrazki eta irudiz edertuko du saioa.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos