Diario Vasco

«Hitzarmen honek erraztu eta areagotu egingo du udalen arteko elkarlana»

EH Bilduko Lasarte-Oria, Hernani, Andoain, Usurbil eta Astigarragako ordezkariak prentsaurrekoan.
EH Bilduko Lasarte-Oria, Hernani, Andoain, Usurbil eta Astigarragako ordezkariak prentsaurrekoan.
  • EH Bilduko ordezkarien ustez, Beterri-Buruntza eskualdeko udalek sinatu duten lan-hitzarmenak onura handiak ekarriko dizkie eskualdeko ekintzaileei, enpresei eta, oro har, herritarrei

Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten sei udalek lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute. «Helburu nagusia da eskualdearen garapen ekonomikoa zein soziala sustatzea», esan zuen atzo Andoni Gartzia Astigarragako EH Bilduko zinegotziak.

Eskualdeko sei udaletatik hirutan (Hernani, Andoain eta Usurbil) EH Bildu gobernatzen ari da egun eta beste bitan (Astigarraga eta Lasarte-Oria) udal gobernuan izan zen EH Bildu joan den legegintzaldian. «Pasa den legegintzaldian hasi ginen udalen arteko lankidetza hori egituratzeko aukerak aztertzen eta lantzen. Lehentasunezko gaia izanik, indar handia jarri dugu udalen arteko elkarlana bultzatzeko eta marko juridiko bat sortzeko. Eskualdeko udal gobernuetan egun kolore politiko desberdinak daude, eta EH Bildutik ahalegin handia egin dugu denen irizpideak eta interesak kontuan hartzen», azaldu zuen Andoni Gartziak.

Lankidetza-hitzarmen honekin garapen sozio-ekonomikoa bai, baina «ez dugu edonolako garapena sustatu nahi, baizik eta ekonomia sozial solidario eta eraldatzailearen printzipioen araberako garapena sustatu nahi dugula eskualdean. Tokiko garapen ekonomikoa eta soziala kooperatibismoan, jasangarritasunean eta parte-hartzean oinarrituta egon behar dutela ulertzen dugu. Lankidetza-hitzarmen hau bultzatu dugu gure eskualdea bidezkoagoa, iraunkorragoa eta parekideagoa lortzeko tresna izan dadin», nabarmendu du Gartziak.

«Gure eskualdean lan bila dauden pertsonei, formakuntza nahi dutenei, ekintzaileei, enpresei eta, oro har, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematea da gure erronka. Udal bakoitzak ditugun baliabideak elkartu, antolatu eta toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskaintza bateratua eta koordinatua eskaintzea da gure helburua. Lankidetza-hi-tzarmen honek helburu hori lor-tzen erraztuko digu», erantsi du.

Gipuzkoako beste eskualdeetan garapen agentzien bidez kudea-tzen dituzte eskualdeari dagozkion arlo sozio-ekonomikoarekin lotutako programak eta zerbitzuak, baina Beterri-Buruntzan, ostera, ez dago honelako egiturarik. «Hala ere, egin izan ditugu programa ba-tzuk elkarrekin, gure artean harremana egon da, baina hitzarmen honek erraztu eta areagotuko du jardun hori», esan du Astigarragako EH Bilduko zinegotziak. Honela, Gartziak azaldu zuen bezala, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa izatea ahalbidetuko die hitzarmen honek, baina zerbitzuak ez dira bikoiztuko, egoitzak, lokalak eta eraikinak partekatzeko aukera ematen du, baita zerbitzuen eta langileen kontratazioa zentraliza-tzeko aukera ere.

Hau, gainera, lehen urratsa baino ez da izan. «Etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen entitate bat eratzeko lanean jarraituko dugu», iragarri dute EH Bilduko Beterri-Buruntza eskualdeko ordezkariek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate