Diario Vasco

Mende laurdena Udal Euskaltegiarekin

  • 3.400 ikasle inguru pasa dira urte hauetan herriko euskaltegitik eta asko gaur egun bizi dira euskaraz kalean

25 urte pasa dira Hernaniko Udal Euskaltegiak ateak zabaldu zituenetik, mende laurdena. Erraz esaten da! Horrelakoetan ohi denez, ospakizunekin datoz. Eta ospakizunak berekin dakar atzera begira jartzea. Horixe topatuko duzu hurrengo lerrotan, atzera begiratu eta euskaltegia egunez egun bizi dutenen bizipenak eta gogoetak.

Azkar pasa dira 25 urte, azkar pasa direnez. Horixe da lehen sentsazioa. Historia txikiari begiratu bat ematen hasita, ordea, zenbat oroitzapen, zenbat aldaketa, zenbat aurpegi... Horiek guztiak gogoan, luze ere ematen dute hogeita bost urteok.

Urte horietan guztietan bi egoi-tza ezagutu ditu euskaltegiak: Biteri Kultur Etxean hasiera, lehen 13 urteak; handik aurrera gaur egungo egoitzan, Karobieta 13an, garai bateko anbulatorioaren eraikinean. 3.400 ikasle inguru pasa dira, 35 irakasle...

Ikasleak euskara ikasi nahi...

3.400 ikasle inguru pasa dira. Horiexek dira euskaltegiko aurpegiak, euskaltegiko protagonista. Asko aldatu da gizartea 25 urteotan. Asko aldatu da euskararen egoera herrian. Baita ikasleak ere.

Gazteagoak ziren garai hartan. Zorionez, euskarak asko egin du aurrera herrian eta, gaur egun, gazte gehien-gehienak euskara dakitela ateratzen dira ikastetxeetatik. Ondorioz, helduxeagoak dituzte orain, asko eta asko oinarri bat dutenak: Eskolan ikasi dutenak, noizbait barnetegiren batean edo euskaltegian ibilitakoak... Hasierako mailak izatetik indartsuen erdiko mailak izatera pasa gara.

Zertara joaten dira ikasleak euskaltegira? Euskara ikastera, jakina. Lehen eta orain. Euskara ikastea, ordea, ez da gauza bera orain 25 urte eta orain. Hasiera hartan euskara ikastea familian, lagunekin, kalean... erabiltzea zen, batez ere. Gaur egun ere bai, baina ez hori bakarrik. Euskarak bideak errazten ditu: familian, lagunartean... errazten dituen bezala, gero eta gehiago errazten du lanerakoa ere. Eta lan mundua eta tituluak ez dira urruti ibiltzen. Garai hartan EGA titulua zen bakarra, euskaldun izateko bedeinkazioa ematen zuena. Eta bidean gelditzen bazen zer? Aldatu da hori ere, onerako, gainera. EGA titulua bakarrik izatetik, tituluak 6 mailatan izatera pasa dira: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Ikasleak, beharren eta nahien arabera, erabakitzen du non jarri muga, zer den euskaldun izatea beretzat.

Bada desagertu den ikasle multzo bat. «Euskalduntze-alfabetatzea deitzen diogu geure eginkizunari. Euskalduntzen jarraitzen dugu, baina alfabetatzen? Aspaldi da horrela ikasleak euskaltegitik desagertu zirela. Gaur ere hurbiltzen dira euskara etxean jaso duten ikasleak, ez gutxi, baina beste helburu batzuekin, titulua gehienetan. Gutxi-gehiago alfabetatuta etortzen dira», esaten dute Udal Euskaltegitik.

Motibazioak motibazio, ikasleak lehen eta ikasleak orain. «Eskerrak eman beharrean gaude guztiei. Eskerrak egiten duten ahaleginagatik, eskerrak eskaintzen dioten denboragatik... Eskerrak gizarte osoak. Horiei esker, gaur egun, errazagoa da Hernanin euskaraz bizitzea. Horixe benetako ekarpena bizikidetzari! Bihoazkie gure eskerrik onenak».

Eta euskaltegia haien zain. 35 irakasle eta 4 bulegari pasa dira euskaltegitik. Pasa edo geratu. Batzuk denbora laburrean, beste batzuk luzeago; baina oraingo lan-taldeko gehienek urte asko daramatzate euskaltegiko proiektua aurrera ateratzen eta ikasle horiei guztiei bidea erraztu nahian bere onena ematen. Ikasleak gazteago zirela esan dugu lehentxeago. Ez dugu esango irakasleok zaharrago direnik orain, esperientzia handiagoa dutela baizik. «Irakasleak hizpide, izan dugu betiko utzi gaituenik ere, ezin aipatu gabe utzi Lourdes», azpimarratzen dute.

Atzera begira jarrita, gezurra dirudi nola ematen zituzten eskolak. Joan den mendea, ezta? Hori izango da. Ordenagailu bakarra eta hura bulegariak. Irakasleok idazmakina eta boligrafoak. Ikastunitateak? Horiek gauza berriak dira: orri solteak, askotan boligrafoz idatziak idazmakina bakarrean denok aritzeko tarterik ez zegoelako. Ikasleei maiz jarriz izan dioten jarduera bat ekarriko dugu hona: «Nola imajinatzen duzu, gizartea, teknologia... hemendik 50, 100, 200... urtera?», galdetu izan diete. «Bada, guri orduan jarduera hori jarri eta galdetu izan baligute: Nola imajinatzen duzu euskaltegia hemendik 25 urtera?».

Nork asmatuko zuen irakaslea bere ordenagailuarekin joango zela gelara? Bertatik izango zuela sarbidea, momentuan bertan, euskarazko testuetara? Ikasleei materiala e-posta deitzen den gauza baten bidez bidaliko ziela? Edo haien idazlanak jasoko zituztela bertatik? Edo plataforma, hodei... izeneko nonbait jarriko zuela ikasleen eskura? Nork asmatuko zuen ikasleak etxean ikasi bitartean, irakasleak euskaltegitik egingo ziola jarraipena ia aldi berean?

«Orduan ikasleak euskaltegian, aurrez aurre, guk zer esango eta zer emango zain», esaten dute irakasleek. Orain ere bai asko. Beste asko, berriz, batzuetan bai, beste batzuetan ez; batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago; baina etxetik, lantokitik... euskara ikasten jarraitzen dutela.

Aldaketak aldaketa, bada aldatu ez denik ere, funtsezkoena esango genuke: ikasleen ikasteko gogoa eta ahalegina, alde batetik; eta, bestetik, euskaltegiak ikasleari lagun-tzeko duen grina eta gogoa, garai berrietara moldatuz, ikaslearen premiei ahalik eta ondoen erantzun nahian, horretarako beharrezko formazioa eginez, berrikuntzak txertatuz...

«Kalera zoaz eta euskaltegiko ikasle ohi batekin topo egiten duzu. Gelditu eta euskaraz. Familiarekin, lagunekin... ere euskaraz ari da. Erdaraz ezagutu zenuen hura euskaraz. Horixe da euskaltegian egunez egun lanean ari garenon satisfaziorik handiena. Orduantxe konturatzen zara merezi duela egindako ahaleginak, gure lanak fruituak ematen dituela».

Baina ikaslearentzat ez da beti erraza euskara euskaltegitik kalera ateratzea. Euskaltegia saiatzen da pauso hori errazten, egiten ditu hainbat jarduera zubi lana egiteko, baina ikaslea kalean bakarrik dagoenean... Handia da ikasleak euskaltegian jaso duena kalera ateratzeko egin behar duen ahalegina. «Konturatzen ote gara horretaz euskara etxetik, natural-natural, jaso dugun euskaldunok? Gogoan izan behar dugu ikasle hauen ahaleginak euskaraz bizitzea errazten digula eta denon esku dagoela bidea erraztea. Merezi dute», bukatzen dute Hernaniko Udal Euskaltegitik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate