Diario Vasco

Harrapazka Eguna berreskuratzeko ekitaldia, lehen aldiz, bihar Ereñotzun

Bihar larunbatean, irailak 24, Harrapazka Eguna oroitzeko bideo proiekzioa eta ibilbide gidatua izango dira Ereñotzun.

Iñistorra edo garoa biltzeko eguna izaten zen Harrapazka Eguna, eta orain dela 75 urte arte ospatu zen Hernanin. Horri buruzko ezagutza eta historia bildu nahi izan ditu Ereñotzuko Auzo Udalak, Bizimodua auzolanean proiektuaren barruan. Proiektua Gipuzkoa Foru Aldundiko kultura sailak lagundu du.

Goizeko 9:30ean bideoa eta azalpenak emango ditu Iñaki Sanz-Azkuek harrapazka egunari buruz, Ereñotzuko auzo etxean.

10:00etatik aurrera, Akolatik abiatuta, ibilbide gidatua egingo dute, zailtasunik gabekoa. Inistor meta ikusi ahal izango dute eta garai hartan zen pago bikainaren ordez pago gazte bat landatuko dute, egun haren oroigarri.

Udal Euskaltegia

Udal Euskaltegiak datorren astelehenean, irailak 26, emango dio hasiera ikasturteari. Badaude oraindik hainbat plaza hutsik eta, horiek betetzeko, matrikula epea zabaldu egingo dute beste astebetez. Beraz, matrikulatzeko epea irailaren 30era arte izango da zabalik. Izena emateko ordutegia: 9:30-13:30/16:30-19:30. Helbidea: Karobieta 63 (anbulatorio zaharra). Telefonoa: 943 331896. E-mail: euskaltegi@hernani.eu.