Buruntzaldeako Euskararen Ginkanan parte hartzeko azken eguna, gaur

DV ASTIGARRAGA.

Gaur amaitzen da Buruntzaldeako Euskararen Ginkanaren lehen edizioan parte hartzeko epea. Lehiaketak bi fase izango ditu eta lehenengoa datorren astelehenean, hilak 23, hasiko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, «internet bidezko frogak izango dira eta lau aste iraungo ditu fase honek, urriaren 23an hasiko da eta azaroaren 19an amaituko da. Webgunean, astero taldeek burutu beharreko proba bat argitaratuko da eta aste bete izango dute taldeek erantzunak bidaltzeko. Proba hauetan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeak jokatuko dute bigarren fasea».

Esan bezala, bigarren fasean finala jokatuko da, abenduaren 1ean Oronan. Bertan erabakiko da nor den Buruntzaldeako Euskararen Ginkanaren talde irabazlea.

Sariak

Guztira 1.500 euro banatuko dira saritan talde finalisten artean. Alde batetik, talde irabazleak 1.000 euroko balioa saria jasoko du eta bigarren geratzen den taldeak 500 euroko balioa duen saria jasoko du.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko http://www.euskararenginkana.eus web gunean agertzen den formularioa bete beharko da gaur, azken eguna izanik. Parte hartzea eta izen-ematea taldekakoa izango da, eta parte hartzaileak Buruntzaldean bizi edota bertan ikasten dutenak izango dira. Gainera, 12 eta 16 urte arteko 4 laguneko taldeak osatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko.

Fotos

Vídeos