Baserritarrek egun berezia biziko dute gaur San Isidro omenez

Aurten , Lizardi baserri biziari merezitako esker ona emango zaio Gure Izarran

DV ASTIGARRAGA.

Baserritarren omenez, festa giroa izango da gaur Astigarragan, San Isidro eguna baita. Zamalbide-Bentak auzoan eta Foru Plazan ospatuko dute eguna. Perurena inguruan egun garrantzi-tsua izango da gaurkoa herriko baserritarrentzat. Prozesioa eta mezarekin, 11:45etatik aurrera, hasiko dira San Isidro Eguna Zamalbide-Bentak auzoan, eta ondoren, bertsolariak ariko dira kantuan. Gainera, salda hartzeko aukera egongo da, 12:45etatik aurrera, elizatarian. Eguerdian, 14:00etan, Auzolan elkartean egingo dute bazkaria. Eta arratsaldean, 18:00etan, idi probak.

Herrian egingo den jaia, Goldea herri kirol elkarteak antolatu du, Udalaren babesarekin. Urtero bezala, Foru Plaza izango da bilgunea eta eguna Xapre trikitilariekin hasiko da, 9:30etan. Prozesioa eta meza egingo dituzte 10:00etan. Ondoren, Gure Izarrara, hamaiketakoa egitera.

Goizean zehar, Astigarragako Lizardi baserriko produktuen eta animalia txikien erakusketa egongo da. Eta eguerdian, 12:30etan, idi demak eta bertsolariek hartuko dute protagonismoa. Loiuko Iñigo Aurrekoetxearen eta Mungiako Iñaki Lopategiren idi laukoteak elkarren aurka arituko dira. Bi probetan, 3.298 kiloko harriaz arituko dira idiak eta lauko uztarrian, 30 minutuz. Gainera, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso kantuan arituko dira. Bazkari eder batekin borobilduko dute jaia, Gure Izarra elkartean, 14:30etan.

Baserriei omenaldia

Orain arte San Isidro egunean baserritar zaharrei omenaldia egiten zitzaien. Baina aurten, inguruko baserriei emango zaie protagonismoa. Oraingo honetan, Lizardi baserria bera izango da omendua. Gure Izarra elkartean egingo dute esker ona emateko bazkaria.

Lizardi baserria Errekalde auzoa zeharkatzen duen Iparralde bideko 2. zenbakian dago kokatuta. Hiru oinetako eraikuntza da, bakoitzak 140 metro karratu dituela. Beheko oinean, baratzetik jasotako barazkiak garbitzeko eta gordetzeko hozkailua dute. Lehen eta bigarren oinak etxebizitza dira eta bertan bizi dira, alde batetik, Mari Karmen Ubillos, ama, eta bestetik, Joxan Olano, semea, bere familiarekin.

Baserriaren izena ingurutik pasatzen den Galtzaur errekaren ondoan zegoen lizar handi batetik dator. Baserrian betidanik izan diren bi bizitzetako familiak maizterrak izan ziren 1913 urtera arte. Urte horretan jabetza zuen Santiago Azaldegi Anzak 12.800 pezetaren truke saldu zien.

Francisco Olano eta Luisa Zapiain aitona-amonek bederatzi seme-alaba izan zituzten eta beraien seme Inaxio Olano eta Manixeneko Mari Karmen Ubillosen ezkontzarekin (1965ean) hiru seme-alaba jaio ziren. Horietako semeak, Joxan Olanok, jarraitzen du gaur egun baserriko lanarekin.

Lizardi baserriak duen ustiapen jarduerarik nagusiena nekazaritzakoa da. Gainerako ustiapenak beste maila batekoak dira: abeltzaintza (poni batzuk larreak garbitzeko), basogintza (etxerako egurrak) eta sagardogintza (baserriko sagarrekin 4.000 litro sagardo egiten dituzte).

Oso barneratuta dute familian baserriak eta lurrak bat izan behar dutela. Eta orain arteko lanari esker izandako emaitza ikusita, beraien proiektua errentagarria dela aitor-tzen dute, beraien bi familiak baserritik bizi ahal izateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos