Azken urteetan bezala, Santo Tomas eguna ospatuko da gaur Plazan

Iñistorra Euskaltzaleen biltzarrak antolatuta, hainbat ekitaldi burutuko dira, txistorra eta guzti, arratsaldeko 17:30etik aurrera

MARÍA CORTÉS URNIETA.

Aurten, bederatzigarrenez, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak Santo Tomas eguna antolatuko du gaurko, arratsaldeko bost eta erdietan hasita, San Juan plazan. Ordu horretan zabalduko da txistorra eta sagardoa dastatzeko gunea, taloak eta gaztainak ere egongo dira. Eta horixe izango da urnietarrek dastatu ahal izango dutena arratsaldean zehar: txistorra, gazta edo txokolatezko taloak, txistorra otartekoa, gaztain erreak... Gainera, behin sagar-tarta lehiaketa amaituta, herritarrei eskainiko zaizkie.

Bestetik, urtero bezala, Iñistorra Biltzarrak Usadiozko Sagardogileen IX. Lehiaketa antolatuko du, herriko baserri eta etxeetan eurentzat ekoitzitako sagardoa egiten dutenek hartuko dute parte, ez, ordea, merkatura ateratzen duten sagardotegiek.

Aurreko urteetan 10 eta 12 bitarte sagardogilek parte hartu du lehiaketa honetan eta aurten antzeko kopuruak egitea espero dute antolatzaileek. Irabazleak, garaikurra eta Zaldundegi jatetxean bi lagunentzat afaria irabaziko du. Bigarrenak eta hirugarrenak ere izango dute sari ekonomikorik.

Esan bezala, usadiozko sagardogileen lehiaketarekin batera, sagar-tarta lehiaketa antolatuko da, horren berezitasuna izanik, etxean egindako tartak behar dutela izan, ogibidez gozogile ez direnek egindakoak.

Sagar tarta lehiaketan parte hartu nahi dutenek gaur bertan eraman beharko dute, 17:30ean San Juan plazara, Udaletxeko arkupera, bertan elkartuko baita epaimahaia. Irabazleak garaikurra eta Zaldundegi jatetxean bi lagunentzako afaria irabaziko du; bigarrenak, berriz, sari ekonomikoa izango du.

Gaztaren pisua eta saskia

Aipatu diren bi lehiaketa horiez gain, arratsalde osoan herritarrek aukera izango dute bi gazten pisua asmatzeko, antolatuko den lehian parte hartuz. «Euro baten truke gazta esku artean haztatzeko aukera izango dute eta, ondoren, bere pisua adierazi beharko dute, ea nork asma. Arratsalde osoan zehar bi gaztak plazan izango dira. Aste honetan gainera, bi gazta horiek plazako Kantoi tabernan eta Idiazabal kaleko Xauxar tabernan izan dira, gazta bana, eta hor ere pisua asmatzeko ahalegina egin ahal izan dute herritarrek», adierazi dute Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarretik.

Gainera, urtero bezala, 600 euroko balioa duen saskia zozkatuko dute Iñistorrakoek gaur, 20:30ean. Saski eder hori zozkatu aurretik, ordea, arratsaldean beste hiru zozketa txiki egingo dituzte, hain zuzen, 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan eta hiru zozketa txiki horietan 50 euro inguruko sariak emango dituzte. Hiru zozketa txiki horietan parte hartzeko nahikoa izango da saskiaren zozketako zenbakia edukitzea; alegia, saskiaren zenbakiak lau zozketetan parte hartzeko balioko du.

Eta Santo Tomas eguna ondo bukatzeko, festa amaiera gisa, behin saskiaren zozketa egin, bi gaztek zein pisu duten azaldu eta usadiozko sagardogileen lehiaketako eta sagar-tarta lehiaketako sariak banatu ondoren, amaitzeko, sagardo irabazlearen botila baten enkantea egingo da plazan, nork gehiago eman, hark eraman dezan Gabonetako otoruntzetan edateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos