Aurten ere Irrintzi Lehiaketa izango da San Miel jaien barruan

Igandean arratsaldeko 19:00etan San Joan plazan ospatuko da aurtengo edizioa

MARÍA CORTÉS URNIETA.

Bederatzigarrenez antolatuko da Urnietako San Miel jaietan Maria Arizmendi Irrintzi Lehiaketa. Igandean izango da, urriak 1, arratsaldeko 19:00etan San Joan plazan. Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak antolatuta, lehiaketan parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dago eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena (14 urte gorakoentzat) eta gaztetxoen atala.

Antolatzaileek Euskal Herrian barrena irrintzi egiteko ohitura eta gaitasuna duten herritarrak gonbidatu nahi dituzte Urnietako saiora, herriko jaietan eta hamaika kultura eta folklore ospakizunetan irrintzia botatzeko ohitura eta iaiotasuna duten herritar horiek, hain zuzen ere. Horretarako «lehiaketa irabazten dutenentzako sariez gain, bidaia-saria ere aurreikusi dute, Urnietara kanpotik datozen irrintzilariei kilometroen arabera ordainduko zaiena aurreikusitako diru-kopurua agortu bitartean. Hori bai, kanpotik datozenek urriaren 1a aurretik eman beharko dute izena bertaratze gastua jaso ahal izateko, 656782521 zenbakira deituta», adierazi dute antolatzaileek.

Irabazleak garaikurra eta 300 euroko saria izango du. Bigarrenak, garaikurra eta 100 euroko saria. «Urnietarren irrintzirik txukunenak ere jasoko du bere saria, garaikurra eta 50 eurokoa». Sari hauek guztiak helduen atalean. Haurren atalean, berriz, garaikurrarekin batera sari ekonomiko apalagoa jasoko dute.

Sariak erabakiko dituen epaimahaia lau lagunek osatuko dute eta, besteak beste, indarra eta ozentasuna, abiadura, tonua, garapena eta kolpe bakarreko irrintzia izango dira aintzakotzat hartu beharreko ezaugarriak.

Jai eta umore giroan egin ohi da lehiaketa; beraz, antolatzaileek dei egin diete Euskal Herriko irrintzizaleei Urnietara arratsalde pasa etor daitezen eta parte har dezaten iluntzean San Joan plazan bertan izango den lehiaketa honetan, «galtzen ari baita, guztiz, belaunaldi berriengan irrintziak egiteko hain berezkoa dugun zaletasuna, eta ez da harritzekoa, ia ez baita garai hauetan gizarte, kultura edo politika ekitaldirik irrintzi eder batez barrua asetzeko motiborik eskaintzen digunik», diote arduradunek.

Antolatzaileen hitzetan, «barrua zaputzaldiak janda badaukazu, bota irrintzi eder bat asetzeko Urnietan igandean. Iazko VIII. lehiaketan, Nerea Arriaga oriotarra izan zen irabazlea helduen atalean eta Ander Zumeta larrauldarra haurrenean».

Maria Arizmendi

Maria Arizmendi 1909. urtean jaio zen Urnietan eta XX. mende osoan zehar euskal kulturgintzaren eta folklorearen erreferentzia izan zen Urnietako herrian, oso bereziki antzerkigintzan. Urte luzez ahalegindu zen euskal nortasuna gordetzen eta suspertzen, 1936ko Gerra zibilaren oso garai eta ataka zailak bizi behar izan zituen arren. Euskal kulturaren eta folklorearen aldarrikapena egin zuen beti, konplexurik gabe, eta bere beste ekarpen nagusiez gain, bazen ezaguna alaitasunez irrintzi dotoreak egiteko zuen ohituragatik ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos