Patziku Perurena idazlearen azken ikerlana salgai dago Manuel Larramendi Bazkunan

Ikerketa. Perurena, Leitzako plazan, aurkezpenaren egunean./
Ikerketa. Perurena, Leitzako plazan, aurkezpenaren egunean.

Goizuetarrak 2011. urtean irabazitako I Manuel Larramendi Ikerketa Saria baliatu du lan hau burutu ahal izateko

DV ANDOAIN.

'Leitzalarreko unaiak, 1683-1771' izenburua du Patziku Perurena idazle goizuetarrak buruturiko azken ikerlana, azpi-izenbururik ere baduena: 'Zezenak plazan Goizuetan eta Leitzan, 1578-2017'. Lanaren funtsa, nolanahi ere, zera da: argi adieraztea ardia Leitzalarreko sarobeetan nagusitu aurretik, XVII. eta XVIII. mendeetan Leitzalarreko sarobeetako bazka behiek egiten zutela.

Larramendi Bazkuneko lehendakaria den Jon Unanuek adierazten du «Euskal Herriaren iruditerian ongi finkatuta daukagu artzainaren eta artaldearen irudia gure mendi eta larreetan barrena, antzinako gizartearen ia funtsezko ogibide gisa. Leitzalarreko unaiak liburu honetan, ordea, Patziku Perurenaren tesi ausart bezain agiriz ongi hornitua aurkezten dugu, non argi eta garbi azaltzen den Leitzalarreko sarobeetan garai batean ez zirela ardiak bazkatzen, behiak baizik, nola Lei-tza bertakoak hala inguru herrietakoak, edo Baztandik zein Gipuzkoako Beterritik ekarritakoak ere, eta ardia oso berandu arte ez zela sartu hemen, askok menderen mendetatik bertakoa zela uste izan arren...».

Datu harrigarrienen artean adierazi, XVII. eta XVIII. mendeetan, Andoain, Urnieta, Aduna, Amasa, Usurbil eta Zizurkilgo baserri aberatsenetatik ehundaka behi eramaten zela urtero, gehienbat uda sasoian, Nafarroako Leitzalarre, Aritz eta Akango mendietara, bertako sarobeetan bazkatzera, eta, horretarako larresaria eta mugasariak ordaindu behar izaten zituztela baserritar jauntxoek. Laitzalarrerako joera horrek eta azienda itzel horien joanetorriak gainbehera egin zuen XVIII. mendean.

Ikerlerro hori ardatz hartuta, Perurenak behiak eta ondorioz zezenak Leitzaran/Urumea aldeko herriotan izan duen garrantzia erakusten du, nola eguneroko bizimoduan hala ospakizun giroan ere. Horretarako, datu historikoak, etnografikoak zein filologikoak azterkizun bihurtzen ditu.

Ikerketa hau burutu ahal izateko Patziku Perurenak 2011. urtean irabazitako I Manuel Larramendi Ikerketa Saria baliatu du.

Ikerlanaren aurkezpena joan den asteartean izan zen, Leitzako udaletxeko batzarre aretoan.

Patziku Perurenaren azken liburua salgai izango da liburudenda nagusietan, baina eska liteke ere, gainkosturik gabe, bazkuna@larramendi.org helbide elektronikora idatzita. Informazio gehiago behar izanez gero deitu 656 782 521 telefono zenbakira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos