'Modan da Euskara' ekimena, urrian, Basteron eta kale Nagusian

Moda eta Euskara. Datorren hilabetean antolatuko den ekimena atzo aurkeztu zen./UNANUE
Moda eta Euskara. Datorren hilabetean antolatuko den ekimena atzo aurkeztu zen. / UNANUE

Urriaren 2tik 7ra bitartean, programa zabala eta trinkoa antolatuko da, moda eta euskara uztartzeko

MARIVI OLANOANDOAIN.

Datorren urriaren 2tik 7ra bitartean 'Modan da Euskara' ekimena izango da Andoainen, Udaleko euskara eta enplegu eta merkataritza sailek, Salkin merkatarien elkarteak eta herriko hainbat moda-sortzailek elkarlanean antolatuta.

Programa zabala eta trinkoa izango da, moda eta euskara uztartuko dituena eta moda hainbat ikuspegi ezberdinetik aztertuko duena. Aste osoan zehar askotako ekintzak izango dira hiru eszenatokitan: Basteron, Sorgunea izeneko tokian (Zasa denda zegoen kale Nagusiko lokalean) eta Juanita Alkain plazan.

Bastero Kulturgunean modari buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dira. Bertan, besteak beste, Urtzi Azpiroz eta Irati Guarretxena andoaindar disenatzaileek, Maddalen Marzol lurrinean adituak, Cristobal Balenciaga museoko Igor Uriak edota Mikel Aramendi modeloak hartuko dute parte. Kulturgunean ere, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik gauerdiraino, 'Euskal jantzien bilakaera XVI-XX Mende Artean' erakusketa antolatuko da, Iraultza dantza taldearen eskutik.

Sorgunea deituriko lokalean, sor-tzaileen erakuslehioa eta lantegiak antolatuko dira. Astelehenean, hilak 2, eta asteazkenean, 4, arratsaldeko 18:00etan, Fanny Alonso eta Pili Jimenez disenatzaileek beren 'Sorkuntza lantegiak' egingo dituzte. Asteartean, berriz, 'Zapi bat atontzen' izeneko lantegiaren lehenengo zatia gidatuko du Irati Guarretxenak. Bigarrena, 5ean, arratsaldeko 18:00etan ere, izango da.

Bertan parte hartzeko izena eman beharko da udaletxeko Atarian irailaren 29a baino lehen. Matrikulak 20 euro balio du, lantegian erabiliko diren materialak barne daude eta Devoré teknikaren bidez zapi bat atontzeko eta etxera eramateko aukera izango dute partehartzaileek.

Gau txuria Alkain plazan

Urriaren 7an Gau Txuria egingo da. Kale Nagusiko hamahiru denda irekita egongo dira gaueko 00:00ak arte, eta zortzi denda Juanita Alkain plazan jarriko diren karpetan egongo dira, 17:00etatik 00:00ak arte.

11:00etan, mahai-inguru bat egingo da Basteron, 'Moda astintzen' izenburuarekin eta ordubatean kale antzerkia, Basterotik Santa Krutz ermitaraino. Arratsaldean zehar kale animazioa antolatuko da herriko hainbat musikarekin, eta 22:00etan, Mikel Urdangarin eta Esti Sistiaga musikariek kontzertu bat eskainiko dute. Bestalde, Modeus pintxo lehiaketa egingo da herriko hainbat tabernatan, osteguna eta ostiralean (18:00-21:00) eta larunbatean (12:00-15:00 eta 18:00-21:00). Lehiaketako sari banaketa larunbatean, 19:00etan, egingo da. Bi sari banatuko dira: herritarrena eta gastronomiako adituena. 'Modan da Euskara' ekimeneko ekintza guztiak euskaraz izango dira. Hitzaldietan eta mahai-inguruan euskaratik gaztelaniarako aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos