Gerra Karlistek herrian eragindako sarraskia irudikatuko dute Andoainen

Andoaingo Gudua antzezten, artxiboko irudian
Andoaingo Gudua antzezten, artxiboko irudian / Unanue

17:15ak eta 19:30ak bitartean egingo dute Liberal eta Karlisten arteko borrokaren errepresentazioa

DVDonostia

Ez da hildakorik izango, baina 150 lagun inguruk Andoaingo Gudua antzeztuko dute Andoainen. Lehenengo Gerra Karlista osoak herrian eta eskualdean eragindako hondamendia ere ekarriko dute gogora bihar, hilak 16, Andoain luzaro izan baitzen bi etsai amorratuen arteko frontea.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eta herriko beste taldeek hausnarrerako erabili nahi dute ekimena, "jendeak ezagutu ditzan XIX. mende osoan Euskal Herria hain sakon baldintzatu zuten gerra horien nondik norakoak eta nola, zergatik eta zertarako ikusi genuen euskaldunok gure burua hain suhar eta guztiz nahasturik gerra horietan, alderdi batean izan zein bestean".

Esan bezala, larunbatean 150 lagunantzeztuko dute gudu hura, soldadu liberal eta karlistek batik bat; baita bere burua kinka larrian edo hondamendian ikusi zuten herritarrek ere. 1837ko irail hartan liberalak Donostia eta Hernanitik irten eta Urnietan barrena jo zuten eraso batean, karlistak Oria eta Leitzaran ibaien beste alderaino bidaliz; Gurutze Santuaren elizatxoraino iritsi ziren liberalak. Andoain aldera egin ahala, baserri eta etxaldeetan aurki zezaketenaren beldur, bidean topatzen zuten ondasun oro gupidarik gabe lapurtu edo erretzeari ekin zioten. Andoainen, Buruntza eta Leizotz auzoetan, 51 baserri guztiz kiskali zituzten.

Urnieta, berriz, egun horietako erasoen ondorioz, guztiz errauts bihurtu zuten, elizaren zati handi bat eta bost etxe baizik ez ziren zutik gelditu herri osoan... Baserri horietatik guztietatik ihes egindako bizilagunek lerro karlisten atzean bilatu zuten babesa, Oria eta Leitzaran ibaien bestaldean.

Hondamendia Andoainen

1837ko irailaren 14 hartan karlistek oso garaipen garrantzitsua izan zuten Andoainen, Gipuzkoan Oriamendikoarekin eta Arlabangoarekin batera izan zuten garrantzitsuena. Liberalentzat, berriz, "galera umilgarria izan zen, bereziki Brigada Brintaniarrarentzat, azken honek Penintsulan barrena galtzeko ohiturarik ez baitzeukan eta Gipuzkoan oso denbora laburrean benetako jipoia hartu baitzuten. Baina Andoaingo herriak ere galera ikaragarria izan zuen gudu hartan, oro har, gerra osoan zehar, kiskalitako baserriek pisu handia zutelako herriko ekonomian eta, gainera, hainbat urtez gerrako frontea izateak herria ekonomikoki porrot eginda utzi zuelako, industrializazioak berriro zer edo zer suspertu zuen arte behinik behin".

Larunbateko antzezpenean parte hartuko duten lagunen artetik gehienak andoaindarrak dira, bi gudarosteak eta herritarren taldea osatuko dutenak, baina badira kanpotik etorritako talde eta laguntzaileak. Ekimena antolatu duen Manuel Larramendi Kultur Bazkunarekin batera Andoainen Alberto Agirre Abesbatza, Txistularien Udal Banda, Musika Eskolako Abesbatza, Soinuak Musika Eskola, Udal Musika Eskolako Banda, Ontza, Peña Santa Cruz, Triana, Belkoainberri eta Zumeatarra elkarteak eta Gurutze Gorria aipa ditzakegu.

Kanpotik bertaratuko dira, besteak beste, Urgull Histórico elkartea, Blas de Lezo elkartea eta Abuztuaren 31 elkartea, Donostiarrak hauek denak. Tolosako Andia elkartea eta, azkenik Gasteiztik, La Batalla de Vitoria elkarteak ere parte hartuko dute.

Ikuskizuna, arratsaldeko 17:15an hasi eta 19:30 inguru amaituko da Goikoplazan. Karlisten alderdian ikusleek txapeltxuriek eta txapelurdinek osaturiko gudarostea ikusiko dute, jaka gris eta urdinez jantzita. Liberalen aldetik, berriz, gudatalde gehiago ikusiko dute: eskoziarren eta ingelesen lerroak, Donostiako txapelgorri bolondresek osaturikoa; Regimiento Gerona (berdez) eta Regimiento de La Infanta (urdinez). 1837ko irail hartan 3500 gizon ziren karlisten aldetik eta halako bi –7000 pasatxo– liberalen aldetik.

Ikuskizunean zehar musika bandek, funtsean, Joxemari Oiartzabal musikari andoaindarrak sortu duen musika joko dutela eta herritarrek eresi horiekin sei kanta kantatuko dituztela: hiru karlisten aldekoak, bi liberalen aldekoak eta, azkena, eta ikuskizunari amaiera emango diona, eragindako hondamendiari buruz diharduena, denek elkarrekin abestuko dutena plazan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos